Herri bazkari sinbolikoa Berangoko Burger King-en, "lan prekarioan egositako zabor janaria"-ren aurka

Argia.eus / Unai Brea 2017ko ira. 25a, 10:26

Bazkaria egin zuten atzo, domekan, Berangoko Burger King-ean. © UNAI BREA

Tosu Betirako asanbladak deituta, hogei bat lagunek herri bazkaria antolatu dute Berangon eraiki berri den Burger King-ean. Bertako mahai eta aulkiak erabili dituzte bertoko produktuekin egindako bazkaria jateko, han zeuden bezeroei "Big PNV menua"-ren aurkako idatzi bat ematen zieten bitartean. Tosun aparkalekua eraikitzeko asmoarekin eta Berangon merkataritza gune erraldoia egin izanarekin desadostasuna agertu dute horrela.

Tosu Betirako-ko kide bat bizikletaz joan da Burger King-ak autoz doazenak artatzeko duen leihatilara, eta bertako hainbat produktu eskatu eta gero –halakorik ez daukatela erantzun diote zerbitzariek– jatetxean sartu eta hango mahaietan bazkaltzen hasi dira ekintzan parte hartu dutenak. Aldi berean, idatzi labur bat banatu dute, Uribe Kostan EAJk darabiltzan politikak salatuz.

Zehazki, Anabel Landa eta Imanol Landa Berango eta Getxoko alkateak kritikatu dituzte, jeltzaleek "inposatu gura digun menuaren 'pintxe'-ak" izateagatik: “Lehenengo platera, porlana, asfaltoz ondua. Bigarrena, zabor janaria lan prekarioarekin egosia. Postrerako gasolina sorbetea”. Berangoko Udalak Burger Kinga eraikitzeko baimena ematea ez ezik –beste marka batzuen gune erraldoiekin batera–, bertan lanpostuak sustatu izana salatu dute.  

Bazkaltiarrek "Baratze bat" kantua abestu dute, eta jatetxean ordu laurden inguru eman ostean bazkaria jaso eta mahaiak garbitu dituzte, Ertzaintzaren auto bat iritsi den une berean. Behin jatetxearen kanpoko aldean, Tosu Betirakoko kide bi identifikatu dituzte ertzainek.

Hona hemen ekintzari buruz osatu duten bideo laburra:

Bestalde, gaur gauean ahalik eta jende gehien kanpin-denda eta lo-zakuekin Tosura joan dadin eskatu dute, "astelehenetik aurerra desalojo arriskua oso handia izango da eta".

Albiste hau Argiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun