Behin abiatuta, beharrek zortzi hilabete iraungo lukete. Lehenengo fase hori Valeriano Urrutikoetxea SLU enpresari esleitu dio Udalak, 1.464.080,53 eurorengatik, BEZa barne. Gainera, Udalak zenbait lursail pribatu desjabetuko ditu, kasu gehienetan akordio batera iritzi ondoren. Pleguetan finkatu legez, enpresak bertoko bost langabetu kontratatu behar izango ditu obretan lan egiteko.
Egitasmoa aurrera atera zen EAJren eta PPren aldeko botoakaz. PSE-EEk, EH Bilduk, Denok Baterak eta talde bako zinegotziak abstentzioa eman zuten. Sabino Arana zaharberritzeko proiektua bigarren fase bategaz osatuko litzateke.
Berango Merana eskola
Bestalde, Udalbatzak onartu zuen ere HAPOren aldaketa bat egitea, Berango Merana ikastetxe publikoari eraikitzeko ahalmena emateko, Udal Hezkuntza Kontseiluak ekainean eskatu zuen legez. Horrek ahalbidetuko du etorkizunean eskola handitu ahal izatea. Izan ere, gero eta gehiago dira urte biko umeak zentroan, eta daborduko arazoak dituzte denei zerbitzua emateko. Gainera, Udalak gela espezifikoak ipini gura ditu, zenbait ikasgai baldintza hobeetan emateko.
Daborduko, akordio batera heldu dira Hezkuntza Sailagaz. Oraindino ez dago beharrak hasteko datarik eta aurrekonturik, aurretik proiektua idatzi eta lanak esleitu beharko dituztelako. Lehenengo fasean, beheko solairua zabalduko dute albo batera baina, etorkizunera begira, zutoinek hiru solairu eusteko ahalmena izango dute.