Horrez gainera, oinezkoentzako zazpi pasabide jarri dituzte Lantzarte auzoan, Simon de Otxandategi kalean eta udal-kiroldegiaren artean. Horietako hiru errepidearen maldaren gainetik zentimetro batzuk altxatzen dira eta beraien helburua da trafikoa geldotzea, besteak beste. Horrek espaloiak igotzera eta irisgarritasuna hobetzera behartu du. Lanen aurrekontua 25.000 eurokoa da.
Bestalde, skate pista diseinatu eta berrituko dute berriro ere. Proiektu horretarako 15.000 euro bideratuko ditu Udalak. Horren arabera, "oso gutxi" erabiltzen ziren maldak kentzea aurreikusita dago, "skate-a praktikatzen duten pertsonentzako erakargarriagoak diren elementuak jarriz". Gainera, kartelak kokatzen diren informazio-taulak berritu dituzte. Burututako aldaketa hori informazio kartel berriak jartzeko aprobetxatu egin da, Burdin Hesiaren, Gerra Zibilari eta Munarrikolandako ibilbideari buruzko informazioa eskainiz.
Duela gutxi burututako lanei esker markesina berria jarri dute Simon de Otxandategi kalean, 6.000 euroko aurrekontuagaz, eta futbol zelaia ixteko sare zurruna kokatu dute, segurtasuna areagotzeko, 9.000 euroren truke. Moreaga parkearen estalduraren azpian kulunka gehiago jarri dituzte eta kautxuzko lurra jarri da. Instalazio horien ezarpenak 5.000 euroko aurrekontua izan du eta "gurasoen eskaerei erantzuteko egin da", Udalak jakinarazi duenaren arabera.