Sasoi batean bai, antza, baina, egun, ezin esan Berango oso euskalduna denik. Halarik ere, eskertzekoa da, noiz edo noiz, euskararen erabilera indartzeko, banaka batzuek, egindako lan eskerga. Izan ere, Sabino Arana kaleko atarietan, lanak direla eta, bertako auzokideei, hizkuntza bietan, jakinarazteko idatzitako oharretan oso nabarmen antzematen da, epe laburrean, agian, ez, zer nolako asmoa eta nahia duten herrian euskararen musika gure belarriek goza dezaten.
Dena den, badago gauza bat atentzioa eman didana, hots, ez dute batuera erabili, baizik eta bertako euskalkia, eta ez dakit, bada, horrek euskara ikasi nahi duen horri lagundu dion mezua ulertzen. Ene ustez, filologoei, hizkuntzalariei begira idatzi dute Berangoko galzorian dagoen euskalkiaren lexikoa eta aberastasuna azter dezaten. Bestela ezin da ulertu. Oharra: Euskara ikasten ari bazara, otoi, badaezpada, ez irakurri, eta besteok… poliki, entelegatzea ez baita oso erratza: “Kale Arana Sabinoaren lanen hasieran arrazoiagatik. Prohibe-a seinaltutako zonan aparkatzea (16 Zenbakira Arte Nª 2-etatik aldea bikoitia). Orduak lehen tartearen lanetako amaierarainoko/helbururainoko azaroaren 27, Asteleheneko 08:00-etatik”. Bukatze aldera, nik horrelakoei, orain arte bezala, amorerik ez emateko eskatuko nieke, eusteko lan gogor horri, bertako euskaldunok egindako lanaren tamaina, beti, estiman izango baitugu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.