Bi herri: Puigdemonten Brusela eta...

Juan Luis Mugertza 2017ko abe. 16a, 10:11

© Juan Luis Mugertza

Elkartasun bidaiak merkatarien Europako Brusela eta Paris hartu zituen aldarri gune. Bertan Liberté, égalité, fraternité bezalako lelo kamutsak bestelako tamaina hartu zuen. Han euskaldunek eta katalanek oihartzun handia utzi zuten.

Belgikako, Flandriako eta Europar Batasuneko hiriburua. Bruselak lehen Broucsella zuen izena, eta jatorria bruk (zingira) eta sell (kokaleku) hitzetatik datorkio. NATOk bertan du egoitza politikoa. Bruselar batzuek frantsesa dute ama-hizkuntza, eta beste batzuek nederlandera. Halarik ere, gehienek bina hizkuntza baino gehiago dakizkite. Belgikan bi hizkuntza multzo nagusien arteko edo, are gehiago, bi nazio desberdinen arteko tirabirak dira nagusi Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Valoniako lurraldean, hegoaldean, frantsesez egiten da; eta Flandriakoan, iparraldean, flandriaraz. Ekialdeko eremu txiki batean, bestalde, alemanez mintzatzen dira. 1989ko konstituzioak hiru lurralde autonomo ezagutu zituen: Valonia, Flandria, eta Brusela. 1993an estatu federal bihurtu zen, eta istiluak izan dira batasunaren aldekoen eta flandriar nazionalisten artean. Halaber, Valoniak Frantziarekin bat egitea aldarrikatzen duen waloniar mugimendu txikia ere badago.

Flandriar nazionalismoaz mintzatzean, kultura eta, bereziki, hizkuntza babestu nahi duen ideologia politikoa, autogobernua, eta independentzia hitzak erabili behar. Belgikako Erresuma sortzean (1830ean), Estatu berriak hasieratik frantses hizkuntzaren aldeko hautua egin zuen, eta hori zela tarteko, Bigarren Mundu gerran naziek Belgika inbaditu zutenean, flandriar abertzale askok haien alde egin zuten, pairatzen zuten bazterketa linguistikoa naziek gainditzen lagunduko zietelakoan. Gerra bukatuta, nazionalismo flandriarrak ospe ona galdu zuen Belgikan, eta bere alderdi politiko nagusia, Vlaamsch Nationaal Verbond, (VNV), debekatu, eta legez kanpo utzi zuten. Hala ere, 1954. urtean Volksunie(Herri Batasuna, euskaraz) izeneko alderdia sortu zuten. Arrakasta handia lortu zuen, eta lehenengo alderdi abertzale flandriarra izan zen. Alderdi hori 2001ean desegin zen, eta alderdi abertzale berriek indarra hartu zuten (Nieuw-Vlaamse Alliantie (N-VA) garrantzitsuena izan zen). 2014ean egindako hauteskundeetan, abertzale independentistek (N-VA eta Vlaams Belang) inoizko emaitzarik onenak lortu zituzten, eta Flandriako Parlamentu autonomikoan %40ko ordezkaritza lortu zuten bien artean, gehiengotik gertu.

Zangoak arindu. Bertako bazterrak ezagutzeko ere parada handia dago Bruselan. Udatiar asko Gran Place abiapuntua hartuta, hiriaren goiko eta beheko aldera zuzenduko ditu pausoak, eta André Waterkeyn-ek arkitektoak diseinatutako Atomium izeneko 103 metroko eraikin bitxia, altzairu eta aluminiozko 9 esferaz osatutakoa ikusiko du. Gero, Manneken Pis, 50 cm inguruko brontzezko estatuari erreparatuko dio. Bruselako hizkeran, Menneke Pis esapideak "mutikoa txiza egiten" esan nahi du. Distantzia handiak egiteko Bruselako metroa aukera ona da. 1976ko irailaren 20an zabaldu zuten, eta, gaur egun, metro-sareak hiru linea eta 32,2 kilometro dauzka. Komikiak gogoko izanez gero, Belgika osoa, baina, batez ere, Brusela hiriburua, oso leku aproposa da. Izan ere, Europa osoko komikigintzaren egoitza nagusienetarikoa da. Bertakoak ziren Comanche, Lucky Luke, Pottokiak, Tintin bezalako komikiak. Jacques Brel (1929-1978), abeslari eta aktore belgikarraren “Ne me quitte pas” abestia entzuteko ere ez da leku txarra, edota bizikleta bat alokatu, eta, aditu askoren ustez,  historiako txirrindularirik onena Eddy Merckx, buruan duzula kilometro batzuk egiteko, egokitutako bidegorrietan.

Euskaldunen arrastoa Parisen
Hemen ere, Europako kultura-hiriburuan, estreinako begi-belarri kolpeek dotorezia erakusten dute bazter guztietan, direla eraikuntzak: Eiffel dorrea, Nôtre-Dame, Montmartre, Louvre museoa… Direla artistak: Charles Perrault, idazlea; Edouard Manet, margolaria; Edith Piaf, abeslaria; Brigitte Bardot, aktoresa, modeloa… Ahaztu gabe, euskal kulturan arrasto handia bertan sortutako pertsonaiena: Jon Mirande, XX. mendeko olerkari esanguratsuenetakoa; Jean-Paul Sartre idazlea, filosofoa, eta XX. mendeko intelektual politikoki konprometituaren irudi nagusietakoa, Txillardegirengan eragin handia izan zuena; Txomin Peillen euskal idazlea, eta, egun, euskaltzain osoa, besteak beste.

Abenduak 9. Gure bigarren zita. Montparnasseko tren-geltoki inguruan abiatu zen martxa. Bakegileen zapi urdina kale bazterretan hedatzen joan zen. Gero, poliki-poliki, manifestazioak suge itxura hartu zuen, eta buruan eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariak joan ziren. Tartean, iparraldekoak, Florence Lasserre (Martxan), Jean Lassalle Ipar Euskal Herriko diputatuak, Luzien Betbeder auzapezen biltzarreko presidentea…; hegoaldekoak, Txiki Muñoz eta Garbiñe Aranburu, ELA eta LABeko idazkari nagusiak; EH Bai eta EH Bilduko ordezkaritza zabalak…; eta Frantziako eragileetako ordezkariak Ugo Bernalicis Intsumisoko diputatua, Benoit Hamon Frantziako PSko presidentegaia...., besteak beste. Hauen atzean euskal presoen senideak «Etxean nahi ditugu!» pankarta eskuetan, eta, Frantziako espetxeen biran gora eta behera ibilitakoak. Eta buztanean, Fermin Muguruza, Zebda taldeko Mouss eta Hakim kontzertu kamioiaren musikak, eta herritar anitzen elkarrizketak: “Gobernu frantsesak keinua ein jok, baina Espainiarekin duda gehixago juat...». “Hallyday kantanteari eindako omenaldiak etxakixat gure manifestazioarena ez ote dauen isilduko».
Vauban plazan bukatu zen manifestazioa, hizlarien hitzek indarra galdu zuten, eta “Sarri, Sarri” abestiaren doinuek Bakea Euskal Herrian: orain presoak lelopean batutako11.000 herritar mugiarazi egin zituzten. Multzo handi bat –gazteak gehienak– oholtza itxuratutako kamioi aurrera inguratu ziren, baina beste askok Invalides eremuko plazatik alde egin zuten, batzuk Montparnasseko tren-geltokira joateko, beste batzuk autobusetara, eta beste asko, premia larrian, inguruko tabernetara. Bertan lotan gelditutakoek aukera izan zuten Euskal Etxean bazkaltzeko edota afaltzeko, eta parranda luzatzeko. Hori bai, ahaztu gabe hurrengo zita, urtarrilak 14, Bilbon izango dela.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun