Auzokideen 277 ekarpen jaso ditu Udalak 2018ko aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailean

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 30a, 18:29

Berangoko 2018ko aurrekontu parte-hartzaileetan jasotako iradokizunen gehiengoa hirigintzari lotuta egon da. Udalak martxan jarritako egitasmo horren helburua izan da herritarren ekarpenak kontutan izatea aurrekontuak osatzerako orduan.

Guztira, 277 iradokizun jaso dira; horietatik, 174 Hirigintza, Ingurumena eta Lanak eta Zerbitzuak Sailei dagozkie; 72 Euskara eta Heziketari buruz; 23 Kultura, Kirola eta Berdintasunari buruz; 4 Gizarte-Ongizatearen inguruan eta beste 4 Gazteria, Sustapen Ekonomikoa eta Enpleguari buruzkoak.

Hirigintzari lotutako proposamenei dagokienez, argiztapena, asfaltatzea, garbiketaren hobekuntza, herriko eremu desberdinen egokitzea eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako eta haurtxo-autoak dituzten pertsonentzako sarbideak hobetzea aipatzen dira.

Generoen arabera egindako analisiak egiaztatzen duenaren arabera, prozesuan parte hartu duten hiru pertsonetatik bi emakumeak izan dira. Horretaz aparte, kiroletako bi entitatek, bi heziketa-zentrok eta bere auzotar guztien izenean jabeen komunitate batek proposamenak aurkeztu izana nabarmendu dute arduradunek.

"2017ko aurreko prozesuarekin konparatuz, parte-hartzearen handiagotze argia nabaritu da, hiritarren artean Udalaren ekimenak duen arrakastaren adierazgarria dena", adierazi du Juan Carlos Collado Herritarren Parte-hartzearen zinegotzia, “2018an ekarpen-kopururik handiena Berango-Merana Haur Hezkuntzako zentroarekin lotuta egon da". Ikasleen gurasoek egitasmo hori aprobetxatu dute eta beraien eskaerak aurkeztu dituzte, adibidez, elikaduraren kalitatea handitzeko helburuz, jantokian sukalde bat jartzea.

Colladoren ustez, prozesua "oso positiboa da gure auzotarren lehentasunak eta beharrak ezagutzea ahalbidetzen digulako, baita guztien benetako eskariekin bat datozen konponbideak eskaintzea ere".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun