Berango Kantarik lehenengo urteurrena ospatuko du

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 14a, 11:35

Bazkarirako tiketak salgai daude Frontoi eta Nebarrebak tabernetan. © BERANGO KANTARI

Martxoaren 24an ospatuko da Berango Kantari egitasmoaren lehenengo urteurrena. Helburua da, kantatzeaz gainera, udalerriko adin denetako bizilagunak batzea eta elkar ezagutzea.

Kalean abesteko ohitura berreskuratzeko saiakera egin zuten hainbat auzokidek 2017ko martxoan. Orduantxe hasi zen Berango Kantari egitasmoaren ibilbidea, eta indarrez beteta ibili da urte osoan. Hainbat alditan elkartu dira, normalean hileko azken barikuetan, udalerriko erdigunea eta auzoak kantuz alaitzeko.

Jaialdia poteo girotuagaz hasiko da, eguerdiko 13:00etan. Jarraian, 14:30ean, umeentzako bazkaria hasiko da, eta helduentzakoa 15:30ean. Bazkarirako tiketek hamar euro balio dute helduentzat, eta umeentzat doakoak dira; salgai daude Frontoi eta Nebarrebak tabernetan. Azken ekitaldia arrastiko 19:30ean hasiko da: Taberna Ibiltaria taldearen laguntzaz herrian zehar ibiliko dira parte hartzaileak.

Hona hemen ekitaldia iragartzeko egin duten bideoa: https://www.facebook.com/220150355160485/videos/340376569804529/

 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun