Urtero legez, maiatzeko lehenengo domekan bertoko nekazari eta artisauek Berango bisitatuko dute. Izan ere, Simon Otxandategi dantza-taldeak Nekazaritza eta Artisautza Azoka antolatu du domeka honetarako, maiatzaren 6rako. Aurtengoa XXV. ekitaldia izango da, eta askotariko postuak egongo dira Moreaga parkean. Merkatu horren zilarrezko ezteiak ospatzeko, gainera, Berangoko dantza-taldeak hainbat ekintza antolatu ditu egun horretarako, udal-iturriek jakinarazi dutenez.
Ezin aipatu barik utzi, azokaz gainera, aurten ere ospe handiko euskal pastel onenaren Euskadiko lehiaketa egingo dutela; aurtengoa XX. edizioa izango da. EAEko 11 ekoizlek parte hartuko dute norgehiagoka horretan.