Udako jaiak 2018

Berangoko santodomingoak ahaztu barik, Bakailao Jaiari begira...

Iker Rincon Moreno 2018ko abu. 1a, 12:00

Abuztuaren 3tik 5era arte, Santo Domingo jaiez gozatzeko aukera egongo da Berangon. Iaz ez bezala, Bakailao Jaia ez dute segidan egingo; hurrengo aste-akabuan izango da kuadrillak batzeko festa herrikoia.

Abuztua hasi bezain pronto, Santo Domingo jaiei ekingo diete berangoztarrek. Santa Ana auzoko festak amaitu ziren; baina, oraindino ere udalerri honetan badago zer egiterik gozatzen segitzeko. Abuztuaren 3an hasiko dituzte ospakizunak, eta abuztuaren 5era arte iraungo dute jaiek. Ostean, santodomingoak amaituta, Bakailao Jai Herrikoia egingo dute, abuztuaren 12an, domekan. Gastronomia-ekitaldi hori ez da txapelketa, jai herrikoia baino; antolatzaileek lehia alde batera uztea erabaki baitzuten orain dela urte batzuk. Urtero, udaletxearen aurreko landan batzen dira bakailaoa pil-pilean prestatzeaz eta dastatzeaz gozatzeko asmoz. Bide batez, herriko kuadrillen arteko harremanak sendotu gura dituzte. Gastronomia-erakustaldiaz gainera, egunean osoan, umeei begirako jolasak eta dantzaldia egoten dira.

Bakailao Egunak 2006an bete zituen 50 urte. Hurrengo urtean, ordea, txapelketa-izaera alde batera utzi, eta herri-jai bihurtu zuten Berangoko kuadrillek. Berangoztar askok dauzkate akorduan Gure Txoko Begutxo elkarteko kideak ziren Mari Paz Domingo, Manu Bilbao, Juan Luis Ormaetxea eta María Basaguren; aurreko urte haietan guztietan eurak arduratu zirelako sariketa antolatzeaz. Hala ere, adina eta osasun-arazoak tarteko, lan horri uko egin behar izan zioten.

Egitarauak:

Santo Domingo jaiak

Abuztuak 3, barikua

  • 17:00-19:00 Jaitsiera herrikoia, Elexaldetik frontoira, elektrotxarangaren doinura. Gaia: txanoak.
  • 19:30    Esku-pilota partida.
  • 18:30-20:00 Umeentzako zirku-tailerra, Zirkozaurrek antolatuta.
  • 20:00-21:30 Otxandategi Dantza Taldearen agerraldia.
  • 23:00-02:00 Kontzertua, Gora Herria taldearena.
  • 02:15-04:30 Disko-dantzaldia.

Abuztuak 4, zapatua

  • 11:00-12:00 Kalejira, Iurreko trikitilariakaz.
  • 11:00    Berangoko V. Pala Txapelketa. Emakumezkoak eta gizonezkoak.
  • 12:00    Meza.
  • 13:00    Hamaiketakoa eta euskal dantzak, Otxandategi taldeko umeen erakustaldia.
  • 17:00-20:00 Umeentzako parkea.
  • 18:00    Emakumezkoen gomazko paleta-partidak.
  • 19:00    Playbacka eta Got talent lehiaketa.
  • 19:30    Idi-probak.
  • Gauean, familia-kanpaldia.
  • 21:15    Amesteko ipuinak kontu-kontaketa, kanpaldian.
  • 23:00-00:30 Kontzertua, Guda Dantza taldearena.
  • 01:00-04:00 Dantzaldia, Trikizio taldearena.

Abuztuak 5, domeka

  • 11:00    Txirrindulari-martxa.
  • 12:00    Umeentzako henna-tailerra, Getxoko Atfal Sahararen aldeko elkartearen ekimenez.
  • 12:00    Txakurrak hezitzen ikasteko erakustaldia, Txiki-Eder zentroko langileakaz.
  • 13:00    Kalejira, Berango Kantari taldeagaz.
  • 13:00    Asto-probak, Elexalden.
  • 15:00    Herri-bazkaria.
  • 18:00    Umeentzako kale-antzerkia, Shakti Olaizolagaz.
  • 19:00-20:00 Bilbainadak, Los Txikis taldearenak.
  • 20:00    Oilasko-jana.
  • 21:00    Kontzertua, The Old Timey String Band taldearena.

Bakailao Jai Herrikoia

Abuztuak 12, domeka      

  • Egun osoa Elexalden igaroko dute kuadrillek, bakailaoa pil-pil erara prestatzeko.
  • 11:30-13:30 / 16:00-18:00 Umeentzako parkea, ur-puzgarriak, Elexalden.
  • 18:00    Dantzaldia, Ekhy taldeagaz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun