Joan den eguenean, bisita instituzionala egin zuten hainbat erakundek Berangoko lantegian. Valentín Casado Metallo Spain SLko zuzendari nagusiak ondo etorria, bisita gidatua eta inbertsioaren albistea eskaini zizkien Maria Isabel Landa eta Joseba Goikouria Berangoko eta Erandioko alkateei, Elena Unzueta Iraunkortasuna eta ingurune Naturala Zaintzeko foru-diputatuari eta Getxoko Amaia Agirre eta Leioako Estibaliz Bilbao eta Javier Atxa zinegotziei.
Berrehun milioiko fakturazioa eta 90 lanpostu
Metallo Spain SLk iazko martxoaren 22an hartu zuen izen hori. Aurretik, 25 urtean, Elmet izenagaz jardun zuen. Izan ere, enpresa 1991ko azaroan sortu zen, Berangon; 1992ko urrian ekin zion ekoizpenari, batez ere kobre beltza sortzeko. Zortzi urte beranduago, labeen ahalmena handitu zuten hileko 4.500 tonatik 7.500era. Iaz, konpainiak 25. urtemuga ospatu zuen eta MetalloGroup nazioarteko taldean sartu zen. Urte horretan, enpresak berreskuratu zituen 38.000 tona metal; zehazki, kobreagaz eta eztainuagaz nahastatutako burdinazkoak ez diren metalak prozesatu zituen, industrian berriro ere erabil zitzaten. Hala, 2016an baino %5 gehiago berreskuratu zituen iaz; modu berean, %19 igo zuen fakturazioa, 206 milioi-eurora heltzeko.
Dena den, Casadok iragarri zuen ikerketa-teknologian inbertituko dutela datozen urteotan, "gaur egun berreskuragarriak ez diren metalak" ere berrerabiltzeko eta eskoria horiekaz produktu berriak sortzeko. Denera, 90 beharginek jarduten dute Berangoko lantegian.