Presoen sakabanaketa-politikarekiko ezadostasuna adierazi du Berangoko Udalbatzak

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 12a, 17:51

Berangoko Sare 2016ko abenduaren 30ean aurkeztu zuten. © SARE HERRITARRA

Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzen dituen Sare herritarren mugimenduaren mozioa onartu zuen Berangoko Udalbatzak, martitzenean, uztailaren 10ean. EH Bilduk eta adskripziorik gabeko zinegotzia den Oscar Garciak aurkeztu zuten idatzia, eta horiez gainera, gainontzeko alderdi politikoek aldeko botoa eman zuten, PPk izan ezik.

Honela dio testuak:

Berangoko Udalari mozioa

Pasa den apirilaren 18an Arabako Batzar Nagusiek presoen urrunketa politikarekiko ezadostasuna azaltzen zuen mozioa onartu zuten. Hitzarmen honekin, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru batzar nagusien akordiora iristen gara. 2016ko abenduaren 14an Gipuzkoan eta 2017ko ekinaren 7an Bizkaian onartutakoen ondoren. Egun berean, aho batez onetsi zuten Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatuek: ELA, LAN, CCOO, UGT, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta Etxalde.

Gure udalerrian, gaur egun, hainbat preso daude. Ondorioz, Udalbatzak honakoa onartzea dugu helburu:

Lege Orokorrean askatasuna kentzeko zigorrak betetzean deserrotzea saihesteko ezarritakoa kontuan izanik, zigor horien birgizarteratze-printzipioen arabera, adierazten dugu ez gaudela ados presoak urruntzeko espetxe-politikarekin. Alde horretatik, ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren barruan, uste dugu espetxe-politika berri bat behar dela, hain zuzen ere, presoak zigorrak gizarte- eta familia-erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko duen bere senideekin harremana izatea, bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubidearen alde.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun