Gaixotasun larri baten ondorioz hil zen Otxoa abuztuaren 24an, Alhaurín de la Torren bertan. Berak eta bere familiak hantxe zeukaten bizileku finkoa orain dela hamazazpi urte Ricardo anaia bikia hil eta Javierri ondorio larriak eragin zizkion istripuaz geroztik. Biak ziren txirrindulari profesionalak, eta Javierrek hilabete gutxi lehenago lortua zuen bere bizitzako garaipenik esanguratsuena: 2000ko Tourreko goi-mendiko etapa bat, nor eta Lance Armstrongen aurretik zeharkatuta Hautacameko helmuga.
Istripuak betiko arrastoa utzi zion Otxoari. Larriena, burmuineko paralisia. Goi-mailako txirrindularitza utzi behar izan zuen, baina ez kirola: bina domina irabazi zituen 2004ko eta 2008ko Joko Paralinpikoetan.
Espainiako Vuelta hasteko bezperan hil zen Javier Otxoa, eta txirrindularitzaren munduak omenaldia egin gura izan dio. Bigarren etaparen hasieran minutuko isilunea egin zuten parte-hartzaileek, eta gaur ere gogoan hartuko dute berangoztarra, Vueltako hirugarren etapa Alhaurín de la Torren bertan amaituko dela eta.