Zapatuan atletarik onenak izango dira Berangon

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 4a, 17:25
Aurtengo edizioaren aurkezpena.

Zapatu honetan egingo da Berangoko Nazioarteko Miliaren 31. edizioa. Ohi legez, nazioarteko atletismoaren izarrak izango dira Gobelalde kaleko zirkuituan, bertoko oinarrizko kirola ahaztu barik. Probaz harro dago Berango Atletismo Taldea.

Berangoko Nazioarteko Milian "irabazten duten maila denetako atletek harro sentitu behar dute Berangoko garaikurra lortzeaz". Herri horretan dabilen sentimendua laburbildu zuen horrela Juan Pablo Arnedo udal-idazkari eta probako antolatzaile eta esatariak, lasterketaren aurkezpenean. Beragaz bat etorri zen Anabel Landa alkatea: "Hiri-miliarik onena izan gara Estatu mailan azken hiru urteotan. 7.000 biztanleko herri batentzat erabateko harrotasuna da". Landak probak lortutako mailaren zergatia ere azaldu zuen: "Daukagun dirua daukagu, eta ez da asko; antza, maila teknikoan dugu aldea".

Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendariak azpimarratu zuenez, "probak mapan ipini du Berango". Haren ustez, "dirua ez da beti kontu nagusia, maitasuna eta pasioa baizik. Hori Berangon badago, eta atletek ere jaso eta barneratzen dute. Bizkaian eredugarria da Berangoko milia». Bestalde, Uribe Kostan isiotutako su horrek gazte gehiagok atletismoan parte hartzeko balio izan duela uste du. Ildo beretik jo zuen Miguel Angel Munitxa Bizkaiko Atletismo Federazioko presidenteak: "Milia horretan maila denetako atletak lehiatzen dira, eta denek har dezakete parte. Hori oso garrantzitsua da", zehaztu zuen, atletismoaren etorkizuna gogoan. Izan ere, hamazazpi maila izango dira zapatuan. Izena emateko azken eguna eguena izango da, urriaren 4a, eta interesa dutenek berangoatletismo.com webgunean bete ahal izango dute doako inskripzioa.

Nazioarteko kirolarien presentzia handia

"Estatu espainiarreko eta Europako iraupen-erdiko lasterketako korrikalaririk onenak ikusi ahal izango ditugu zapatuan", iragarri zuen Josu Hernández atletismo-klubeko presidenteak. Ez da gutxiago izango, besteak beste honako atleta hauek lehiatuko dira eta: Solange Pereira Da Ponte galiziarra, iazko irabazle eta aurtengo txapelduna Iberoamerikako 1.500 metroetan eta Espainiako Milian; Zulema Fuentes Pila espainiarra, lautan Berangoko milian irabazle eta errekor-egile (04.54), eta Espainiako aurtengo txapeldunordea 10.000 metroetan; eta Adel Mechaal iazko irabazle eta errekor egileetako bat (04.18), eta Espainiako txapeldunordea 1.500 eta 5.000 metroetan.

Milia aurreratuko dute

Aurten, Berangoko Nazioarteko Milia hamar minutu lehenago hasiko da; halandaze, 2006an eta 2007an jaiotako neskak 16:10ean hasiko dira. Arnedok aitortu duenez, "beti oso estu" ibili dira denbora aldetik. Berango Atletismo Taldea urtero ahalegintzen da proba hobetzen eta aurten aldaketa txiki hori egingo du, laugarren urtez segidan Estatu espainiarreko hiri-miliarik onena izateko asmoz. Bestalde, "herri honetako kultura bultzatzeko", txalaparta-ikuskizuna izango da Gobelalden, Hernándezek azaldu zuenez.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun