Susan Krumins eta Antonio Abadía nagusitu dira Berangon

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 8a, 17:57
Susan Krumins, joan den abuztuan, Europako Atletismo Txapelketako 10.000 metroko proba irabaztean. COPYLEFT ERIK VAN LEEUWEN

Susan Krumins holandarrak eta Antonio Abadía aragoiarrak irabazi zuten joan den zapatuan Gobelaldeko zirkuituan. Solange Pereira eta Adel Mechaal iazko irabazleak segundo batera eta bira heldu ziren, hurrenez hurren.

Joan den zapatuan, eguraldiak ez zuen lagundu Berangoko Nazioarteko Milian. Haize-ufadek eta errepide bustiak baldintzatu zuten atleten lasterketa, eta batek baino gehiagok erorketa izateko tenorean egon zen.

Emakumeen elite-mailako proban, Marta Pen 1.500 metroko txapeldun portugaldarrak hasieratik markatu zuen bere erritmoa. Hala, atleta-taldea mehetu egin zen, baina faboritoak mantendu ziren buruan: Esther Guerrero katalana, Solange Pereira galiziarra, Susan Krumins eta Marta Pen bera. Talde horretatik Guerrero izan zen lehena atzean gelditzen. Helmugako zuzenera iritsita, Pereirak eraso egin zuen, bere seigarren milia irabazten ahalegintzeko. Halere, jokaldia ez zitzaion ondo atera "milien erreginari": holandarrak eutsi zion Pereiraren esprintari eta lasterketaren azken hamar metroak geratzen zirenean kontraerasoari ekin zion, eta lehenengoa sartu zen helmugan.

Zenbaketa bosgarren txapelean geratu da

Pereirak onartu egin zuen Gobelaldeko emaitza: "Azkenean erori egin dut. Hein batean, pozten naiz neska batek bost urteren ostean behingoz ni irabazteagatik. Beti esan dut gero eta gutxiago geratzen zitzaidala milia bat galtzeko eta gaur gertatu da". Atleta portugaldarrak txalotu egin zuen Berangoko publikoaren jarrera: "Eguraldiak xaxatu du publikoa, baina jendea izugarria da. Euritan egon arren, zirkuitua bete-beteta egon da, itzelezko giroagaz. Txalo bero bat Berangoko publikoarentzat!". 2013tik 2017ra bitartean Berangoko bost txapela batu ostean, Pereirak errebantxa izango du jomuga.

Gizonezkoen elite-lasterketan, Antonio Abadíak taldearen burua hartu zuen pistola entzun bezain laster. Une horretan, Adel Mechaal eta Ismael Djani faboritoetako batzuek labain egin zuten, eta lurrera erori ziren. Biek ala biek lortu zuten aurreko taldean sartzea eta, Mechaalen kasuan, bertako erritmoa markatzea ere. Katalanak selekzio naturala eragin zuen taldean, baina ezin izan zuen Abadía urrundu. Izan ere, aragoiarrak malda bat baliatu zuen buruan ipintzeko eta gerora ez zen hortik mugitu. Mechaalen eta Sergio Jiménezen ahaleginak bera gainditzeko ez zuten deus lortu. Azken esprintean, Jiménezek egin zuen atzeneko saiakera baina Abadíak kontrolpean izan zuen eta helmugara sartu zen garaipena ospatzen.

Abadíak azaldu zuenez, urteak zeroatzan garaipen lortzen saiatzen: "Milia berezia da niretzat, antolatzailearen familiagaz laguntasun handia daukat. Miliarik gogorrenetako bat da, ni ere atleta oso gogorra naizelakoan nago eta agian horrek mugiarazi du balantza nire alde. Harro eta pozik nago nire izena milia honetako irabazle famatuenekoei batuko zaielako".

Emakumeen sailkapena

  1. Susan Krumins, 05.02
  2. Solange Pereira, 1era
  3. Marta Pen, 2ra
  4. Esther Guerrero, 7ra
  5. Noemí Cano, 9ra

Gizonen sailkapena

  1. Antonio Abadía, 04.24
  2. Sergio Jiménez, 1era
  3. Adel Mechaal, 2ra
  4. Jesús Gómez, 4ra
  5. Sebastián Martos, 7ra
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun