Suteak prebenitzeko alarmak ipintzeko adina murriztu du Berangoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 29a, 09:59
Suteen kontrako alarma bat. KATY WARNER

Denera, 131 etxebizitzatan ipini dituzte aurten dispositiboak, horietan bizi direnen segurtasuna bermatzeko asmoz.

Berangoko Udalak 70 urtera jaitsi du aurten etxebizitzetan suteen kontrako alarmak ipintzeko adina. Giza-Zerbitzuen arduraduna den Nerea Jimenezek azaltzen duenaren arabera, erabakia prebentzioagatik hartu da, "pertsonak osasun edo mugikortasun arazoak izatekotan arrisku taldea delako". Aurten, aurreko urteetan baino ke-detektagailu jarri dira, orain arte prebentzio sistema hori jartzeko gutxieneko adina 80 urtekoa baitzen. Berbarako, 2016an 54 etxeetan eta 2017an 24 etxeetan jarri ziren.

"Gure onuradunen aldetik beste herrialdeen bataz besteko onarpenaren gainetik gaude", azpimarratu du Jimenezek, eta bere berbetan, 70 urtera jaistearen neurria "arriskuak murrizteko" hartu zen eta "oso harrera ona" izan du.

Borondatezko zerbitzu horren handitzearen abantailetako bat da gizarte langileei gizatalde gazteagoagaz harremana izatea errazten zaiela. Beraien bizitza egoera ezagutzeaz gainera, beraien bilakaera denboran zehar eta, Gizarte Zerbitzuen babesa behar izatekotan edo etorkizunean behar izatekotan, dauden prestazioak eta laguntzak ezagutzen dituzte. "Era honetan Gizarte Zerbitzuekin harremana izatea normalizatzen da, noizbait hauen beharra izan ahal duen populazioaren artean", nabarmendu du Nerea Jimenezek.

Segurtasuna bermatzeko urteroko neurria

Suteen kontrako alarma horiek urtero berrikusten dira egoera onean daudela egiaztatzeko eta aldatu egiten dira berriztu behar izatekotan. Horrela egin da 72 etxebizitzetan aurten. Gogoratu beharra dago pertsona nagusiek jasandako istripu hilgarri gehienak beraien etxebizitzetan sortutako suteen ondorioz gertatzen direla, Udalak jakinarazi duenaren arabera.

Ke-detektagailuen kokapenak etxebizitzaren azterketa osoa suposatzen du. Instalazio elektrikoa, ke-erauzgailua edo gas tresnak bezalako elementuak gainbegiratzen dira, besteak beste. Eta arriskuak murrizten dituen protokoloa martxan jartzen da. Horrela, kasu guztietan etxebizitzaren krokis bat egin zen larrialdiko ebakuazio posible bati aurre egin ahal izateko.

Onuradunei oinarrizko argibide batzuk eta autobabeserako gidaliburu bat ematen dizkiete, etxean suteren bat egotekotan zelan jokatu behar duten jakiteko. Era berean, "segurtasun sinergiak sortzen dira udaltzaingoarekin, sute kasuan zeintzuk diren ebakuazio puntuak ezagutzeko", udal-arduradunek azaldu dutenez. Jimenezek azpimarratu duenez, "premiazko beharra dagoenean Suhiltzaileei ematen zaizkien datuak dira, jokaera eraginkorragoa errazteko. Eta 131 eraikinen planoa izatean, antzeko antolamendua duten etxeetan bizi diren pertsonen segurtasuna ere hobetu egiten da, urbanizazioen kasuan askotan gertatzen dena".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun