Berangon ere Gabonetan txonbo egiteko aukera egongo da

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 10a, 11:17
Askotariko ekitaldiak egongo dira Berango Antzokian. © BERANGOKO UDALA

Abenduaren 15ean emango diote hasiera Gabonetako egitarauari Berangon, Aretxabaleta abesbatzaren emanaldiagaz. Saioa 19:00etan hasiko da, Berango Antzokian. Umeentzako programazio berezia ere egongo da egunotan udalerrian.

Abenduaren 16an "Olentzeroren lagunak" izeneko ipuin-kontalaria hurbilduko da Santa Anako antzokira, Apika taldearen eskumenez, 19:30ean. Hiru egunen buruan, abenduaren 19an, Gabonetako Pilota Txapelketaren final-laurdenak jokatuko dira. Lehenengo partida horiek arratsaldeko zazpi eta erdietan hasiko dira, udal-pilotalekuan.

Abenduaren 22an, Berango Antzokiaren zortzigarren urteurrena ospatzeko festa izango da, herriko elkarteen eta taldeen partaidetzagaz. Hala, 19:00etatik aurrera Nagusien Etxeko abesbatzak eta dantza taldeak, Musika Eskolako ikasleek eta Kultur Etxeko dantza moderno taldeko partaideek parte hartuko dute.

Abenduaren 24a umeentzako egun berezia izango da, Olentzero herritik ibiliko baita, ilusioa eta opariak banatuz. Ikazkina eta bere laguntzaileak 18:30ean irtengo dira Berangoetako kultur etxetik frontoian umeei harrera egiteko.

Gabonetako Umeen Parkea ateak zabalduko ditu abenduaren 26an eta 27an. Hala, frontoian jolasak, tailerrak eta umeentzako eta gazteentzako atrakzioak egongo dira 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Pilotako txapelketaren finalerdiak abenduaren 28an jokatuko dira, 19:30ean. Egun horretan ere umeentzako txotxongiloen ikuskizuna egongo da Berango Antzokian, 18:00etan, Ameztu taldearen eskutik. "Egur taupadak" ikuskizuna euskaraz eskainiko da, doan.

Abenduaren 29an errusiar balletaren txanda izango da, Gazteria taldeagaz, eta "Ispiluan zehar" adin denentzako ikuskizuna eskainiko du. Urteari amaiera emateko, pilota txapelketaren finalak jokatuko dira hilaren 30ean, 18:00etan. Egun horretan ere euskal dantzen ikuskizuna egongo da Santa Anako antzokian, Otxandategi Dantza Taldearen eskumenez. Talde horrek urte berezia bizi izan du Berangon, euskal dantzen etengabeko 75 urte bete direlako eta horren inguruan ekintza ugari bultzatu dituztelako.

Urtarrilaren 2an Gazteentzako Gabonetako Parkea irekiko dute. Hala, 19:00etatik aurrera atrakzioak, tailerrak eta askotariko jolasak egongo dira frontoian, 21:00ak arte. Urtarrilaren 4an umeentzako antzerkiaren txanda izango da. Berango Antzokian Patata Tropikala taldeak "Denboraren taupadak" lana antzeztuko du, 19:00etan.

Gabonetako programazioak Errege Magoen kabalgata ere hartuko du, urtero bezala. Arrastiko 19:30ean Berangoetako kultur etxetik irtengo da eta frontoian amaituko da. Ondoren, Xaibor DJak jaia alaituko du pilotalekuan bertan, musika eta dantzagaz.

Otxandategi taldeko abesbatzak Gabonetako agendari amaiera jarriko dio. Koru horrek emanaldi bat eskainiko du Santa Anako antzokian, goizeko 12:30ean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun