Arana bideak, Simon Otxandategi kaleak, Eguskitza bideak eta Lotxariena kaleak mugatutako eremuan bizi eta 16 urtetik gora duten herritarrek parte hartu ahal izango dute prozesuan. Udalak azaldu du proposamenek lan txikien gainekoak izan beharko dutela, eta udal-eskuduntzaren barrukoak. "Ezin dira onartu teknikoki edota ekonomikoki bideragarriak ez diren iradokizunak", gehitu dute.
Proposamenak egiteko modu bat izango da etxeetara bidaliko den dokumentua bete eta inguruan ipinitako hiru postontzietako batean uztea. Hain zuzen, Torrekolanda bideko 5. zenbakian (futbol-zelaiaren ondoan), kale bereko 10.enean eta Karabiazpi auzoko 2.enean daude postontziok. Otsailaren 24ra arte dago epea hori egiteko.
Bestalde, Udalak prozesuaren gaineko informazioa emateko karpa bat bat ipiniko du otsailaren 20an, Torrekolanda bideko 6. zenbakian, Emakumeen Elkarteko egoitzatik hurbil. Hor ere proposamenak uzteko aukera egongo da, 11:00ettatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Hirugarren bidea posta elektronikoa izango da, partaidetza@berango.org helbidearen bitartez.
Onartutako proposamenak aztertu eta lehentasunak ipiniko ditu Udalak, zein lan egin eta noiz abiatu adostu aurretik. Ez dira aztertuko kale, parke edo auzoen berrurbanizatze osorako proposamenak, ezta ekipamendu handien eraikuntzari dagozkienak ere. Aurkeztutako proposamen guztiei erantzungo zaiela adierazi du Juan Carlos Collado parte-hartze zinegotziak, "bai aurrera eroango direnei, bai bideragarriak ez direnei ere".