Alconzako enpresa-batzordeak zabaldu duen idatzian dioenez, 2013an guztiz errentagarria zen enpresa (milioi eta erdi euro banatu zituzten haren akziodunek), eta hurrengo urtean Irizar taldeak erosi zuenetik 2zenbat eta gehiago ekoitzi orduan eta handiagoak dira galerak".
Gogorarazi dutenez, Irizarren arduradun nagusiak, Jose Manuel Orcasitasek, 2018 esan zuen elektromugikortasuna (arlo horretakoa da Alconza hain zuzen) "oso negozio errentagarria" dela, eta iragarri zuen urte hura 700 milioiko fakturazioaz itxiko zuela, enpresaren errekorra. Enpresa-batzordea kexu da ordea, Irizarrek ez duela lan Alconzara lan gehiago ekarri. "Autobus elektrikoaren ekoizpenean ekarpena egin genezan erosi gintuzten, eta sei urte osetan oraindik ez dakigu zertan datzan taldearekiko dugun harreman".
Bestalde, Irizarren parte bihurtu direnetik enpresaren funtzionamendua hankaz gora dagoela salatu dute. "Enpresa berritu eta modernizatu behar zela aitzakia erabiliz, Irizarrek aldaketa ezarri zituen gerentzian eta gainontzeko egituretan. Erabaki horrek etengabeko kaosa ekarri du enpresara, non langile bakoitzeko jasan behar izan den malgutasuna 600 ordu baino gehiagokoa izan den. Erosketa, salmenta eta ekoizpen sailetan nagusi den etengabeko nahasmenduak zalantzazko etorkizunera zigortzen dute Alconza".
Horrez gainera, lan-baldintzak kaskartu gura izatea leporatu diote Irizarren zuzendaritzari. Orain dela sei hilabete hasi zituzten enpresa-ituna berritzeko negoziazioak. "Grebak eta mobilizazioak egingo ditugu bidezko hitzarmena eta industria-plana lortu arte", adierazi dute, "elektromugikortasuna 'oso negozio errentagarria' izateko ez baita oinarritu behar beharginen baldintza kaskarretan". Momentuz ez dute iragarri mobilizazio-egutegi zehatzik.