Uztaila aukeratu dute egunaren bosgarren urteurrena ospatzeko (iaz, esaterako, iraila amaieran izan zen, eta abuztuan ere egin izan da), egun osoko jaia eginez. Hori dela eta, herri-bazkaria sartu dute lehenengoz egitarauan. Berango Merana eskolako patioan egingo dute, 15:00etan, eta txartela pilotalekuko tabernan ipini dituzte salgai, hamar euroan helduentzat eta bost euroan umeentzat.
Ustekabekoren bat edo beste ere iragarri dute, baia jaiaren muina urterokoa izango da: musikaren laguntzagaz egindako poteoa, gurdi bati segika; gainera, jokoak eta zozketak ere egingo dituzte. "Egunari buelta eman nahian", ohiko ibilbidearen ordez alderantzikoa egingo dute: eguerdiko 12:00etan Sabino Aranan hasi eta bazkalostean auzoetan ibiliko dira, Basotxun amaitu arte.
Antolakuntzarako parte-hartzeak gora egin izanagatik pozik agertu da Epertikere elkartea. "Aurten, jai egun herrikoi autokudeatu hau jende gehiagoren laguntzagaz antolatu da, berangoztar gazte eta herritarrak animatu dira", azpimarratu dute.