Udako jaiak 2019

Santa Anako jaiak: nostalgikoen gustuko gauak

Erredakzioa 2019ko uzt. 24a, 09:01
Gozategi taldearen emanaldi bat. CC BY SA-GOIENA

Iaz bezala, uztailaren 26tik 28ra izango dira Berangoko Santa Ana jaiak. Musikari dagokionez, Gozategi talde beteranoa eta Queen taldearen omenezko kontzertua nabarmendu beharra dago.

Jaien lehenengo eguna santuarena berarena izanda, ez da zaila igartzea haren ohorezko mezagaz hasiko direla aurten Santa Ana auzoko jaiak. Ohitura denez, horren ostean adineko pertsonentzako hamaiketakoa prestatuko dute, eta Otxandategi dantza-taldeko umeek haien omenezko eta han bilduko diren denen gozamenerako dantzaldia eskainiko dute. Arratsaldean asto-probak eta umeentzako herri-kirolak egongo dira, eta ostean, 20:30ean, kantu-jira hasiko da Berango Kantariren eskumenez.

Gauean dantza egiteko giroa, berriz, Gozategi talde ospetsuak ipiniko du. Haien emanaldiaren ondoren jaia ordu txikietara arte luzatu gura duenak horretarako aukera ere izango du, Zerbikidek eskainitako disko-festari esker.

Zapatu goizean Santa Anako egitarauko beste ekitaldi klasiko bat egongo da: txirrindularitza-lasterketa. Umeek, bien bitartean, eurentzat beren-beregi ipinitako parkean jardun ahal izango dute olgetan. Arratsaldean, berriz, emanaldia izango da haientzat, asto-proben ondoren.

Queen taldearen kantuak

Modan daude aspaldiko rock-banda handiei gorazarre egiten dieten taldeak, eta horientzat ere izango da tarterik Santa Anan. Iaz itzelezko arrakasta izan zuen AC/DCren kantuak bikain jo zituen Bon Spirit boskoteak, eta aurten beste talde mitiko baten txanda izango da: Queen. Haiei omenaldia egiteko eta entzuleak gozarazteko asmoz igoko da oholtzara Capitán Mercury, Espainiatik etorritako taldea. Eta bezperan legez, kontzertua amaitutakoan disko-festak emango dio segida jaiari.  

Apalagoa izango da jaien hirugarren eta azken eguneko egitaraua. Eguerdian tortilla-txapelketan parte hartzera eta prestatutakoa inguruan bazkaltzera deituta daude bertakoak eta kanpokoak. Bazkalosteak luze joko du, eta 19:00etan itzuliko da jaia, Urko disc-jockeyak eskainitako disko-festagaz; ondoren, 21:00etan, sardina-jana egingo dute. Azkenik, Mexiko aldeko doinuak ekarriko dituzte Los Gavilanes mariatxiek, 2019ko Santa Ana jaiei agur esateko.

Berangoko Santa Ana jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun