Iaz baino egun bat gehiago izango dute Santo Domingo jaiek 2019an. Abuztuaren 2tik 5era egingo dituzte, hain zuzen. Bariku arrastian, kuadrillen jaitsierak emango die hasiera ospakizunei, Aldats elektro-txarangak lagunduta. Ordu batzuk geroago, 23:30ean, Ze Esatek taldearen kontzertua izango da eliza ondoko agertoki nagusian. Agur esateko bira egiten dabil aurten talde gipuzkoarra, eta Berango da azken emanaldiak egiteko aukeratutako lekuetako bat.
Aurreko urte bietan bezala, herri-bazkaria antolatuko du Berango Kantari taldeak, aurretik Sabino Arana kalean kantu-jiran ibili ostean. Aurten, baina, abuztuaren 3an egingo dute, zapatuagaz, eta ez Santo Domingotxu egunean. Eguerdiko 13:00etan hasiko da kantu-ibilbidea, eta 15:00etan bazkaria. Ondoren bingoa izango da, eta 20:00ak aldera umeei begirako emanaldia egongo da. Drindots taldearen erromeriak biribilduko du zapatua. Abuztuaren 4an, ohi denez, meza eta nagusientzako hamaiketakoa izango da, Otxandategi dantza-taldeko umeen emanaldi eta guzti. Familiagaz bazkaldu ostean, arrastiko 19:00etan bueltatuko dira berangoztarrak jaira. Besteak beste, bilbainadak entzuteko aukera eduko dute Los Txinberos taldearen eskumenez, eta gero hanburgesak banatuko dituzte, doan, indarra berreskuratzeko, The Old Timey String Band taldearen kontzertuari gogoz aurre egin ahal izateko.
Santo Domingotxu egunean amaituko dira jaiak. Egun garrantzitsua izaten da Berangon, baina aurten, astelehenean egokituta, egitaraua meheagoa izango da beste batzuetan baino. Ume eta gazteei begirako hainbat ekitaldiren ostean, Otxandategi dantza-taldeak ikuskizuna eskainiko du 20:00etan, Xabi Aburruzaga trikitilariak jo aurretik. Eta ohiturak lege, santodomingoak amaitu osteko domekan egingo dute, leku berean, pil-pilean prestatutako Bakailao Jai Herrikoia.
Santo Domingo jaien eta Bakailao Jai Herrikoiaren egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka
iOS sistemarako: