Aurrekontuak osatzeko parte-hartzezko prozesua abiatuko du Berangoko Udalak

Erredakzioa 2019ko ira. 13a, 12:04

Berriro ere, 2020ko aurrekontuak osatzeko parte-hartzez prozesua ipiniko du martxan Berangoko Udalak. Hala, berangoztarrek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, irailaren 15etik 29ra.

Aste biko epea egongo da proposamenak aurkezteko; irailaren 15etik 29ra bitartean, hain zuzen ere. Udalari dagokion konpetentziako ideiak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, honako jardun-eremuakaz lotutakoak: Hirigintza, Lanak eta Zerbitzuak, Berdintasuna, Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria, Droga-Mendekotasunen aurkako Prebentzioa, Ingurumena, Osasuna, Herritarren Segurtasuna, Herri-Babesa eta Gizarte Ekintza.

Zelan parte hartu

Berangon erroldatutako eta 16 urtetik gorako gizon-emakume oro parte hartu ahal izango du prozesu horretan. Proposamenak aurkezteko hainbat modu egongo dira: udaletxeko arreta-bulegoetan dagoen inprimakia bete eta espresuki horiek jasotzeko udalerrian jarritako postontzietan utzita; eta udal webgunean prestatuko den inprimaki digitala bete ondoren partaidetza@berango.eus posta elektronikora bidalita. 

Interes gehiago dutenentzako saio informatiboa egingo dute irailaren 25ean, Nagusien Etxean, 19:00etatik aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun