Argazkigintza, fitness, ukelele, margolaritza, altzarien zaharberritzea... Hamaika jarduera egiteko aukera emango dute 2019/2020 ikasturteko ikastaroek Berangon, urritik aurrera. Udalak gogorarazi duenez, barikuan amaituko da izena emateko epea. Onartutakoen behin-behineko zerrenda hilaren 23an egingo dute publiko, eta behin betikoa 27an jakinaraziko da.
Bitartean, irailaren 25ean, zozketa egingo da eskari-kopurua lekuena baino handiagoa den ikastaroetan nork parte har dezakeen erabakitzeko. Helduen kasuan, 14 edo 16 leku dago ikastaro bakoitzeko. Umeenean, 12 edo 14. Betiere, gutxienez hamar lagunek eman beharko dute izena ikastaro bat abian ipintzeko, eta horietatik zortzik Berangon erroldatutakoak izan beharko dute. Gainera, erroldatuek izango dute lehentasuna lekuak hartzeko orduan, eta Berangotik kanpokoak direnek baino merkeago ordainduko dute ikastaroa.
Helduentzako ikastaro bi (argazkigintza eta global fitness) eta umeentzako beste bi (ukelelea eta xakea) hiru hilabetekoak izango dira eta urtarriletik martxora bitartean emango dituzte. Beste denak urrian hasi eta maiatzean amaituko dira. Adinez beherakoen kasuan, ikastaro bi izango dira urte osokoak: dantza modernoa eta margolaritza ingelesez; hainbat taldetan banatuko dituzte, adinaren arabera.
Ikastaro denak Santa Anako Kultur Etxean emango dira. Webgune honetan ikus daitezke zerrenda osoa eta arautegia.