14 urtera bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute Burdin Hesiaren Museoak XIX Europako Ondarearen Jardunaldiak direla eta antolatutako ekimenean. Museotik abiatuta eta Areneburun dauden Burdin Hesiaren aztarnetara ailegatu arte, 36ko gerran zer aisialdi-mota egoten zen ikusiko dute ginkana egiten dutenek.
"Esaterako, irratia entzuten zuten garai hartan, eta ez bakarrik gerrari lotutakoa (Eusko Gudariak, Internazionala...), Europa osoan modakoa zen ondo pasatzeko musika ere bai", dio Aitor Miñambres museoko zuzendariak. Miñambresek gogoratu duenez, gerra izan arren kirol-ikuskizunez ere gozatzen zuten garai hartan (futbola, boxeoa, pilota, txirrindularitza...), eta egunkariak eta komikiak irakurtzen zituzten. Besteak beste, sasoi hartako Popeyeren bertsio antifaxista bat ikusiko dute umeek domekan. Gerraren alderi latzago bat ere erakutsiko zaie: zelakoak ziren fronteko gudariek jateko jasotzen zituzten arrazioak.
Pertsonaia batek lagunduko die umeei, eta zelanbait ginkana osoan ikusitakoaren lotura egingo du, Miñambresek azaldu duenez: "Gerra zelakoa zen ikustera kanpotik etorritako kazetari bat egongo da eurakaz denbora guztian". Jolasaren amaieran Areneburura ailegatzean, ustekabeko saria jasoko dute parte-hartzaileek.