Berangoko Udalaren eta etxebizitzak egingo dituen Sukia Eraikuntzak enpresaren arteko hitzarmena onartu du osoko bilkurak. Alde bozkatu dute Udaleko talde politiko denek, EH Bilduk izan ezik (abstentzioa).
Lehenik eta behin, Berangon erroldatutakoei emango zaizkie etxebizitzak; errolda-ziurtagiri bat aurkeztu beharra egongo da, azken sei urteetan gutxienez hirutan bertan bizi izana egiaztatzeko. Etxebizitza denak berangoztarren artean banatuko ez balira, bertan erroldatutako adingabeko seme-alabak dituztenei emango zaizkie geratzen direnak; banatutako bikoteei begirakoa da neurri hori, guraso bat Berangon eta bestea beste udalerri batean bizi den kasuetan, gaur egun Berangotik kanpo bizi dena seme-alabengandik hurbilago egon ahal izatea ahalbidetzeko.
Zerrendan hurrengoak izango dira Berangon lan egiten dutenak, bertan erroldatuta egon barik, ondoren Uribe Kostako Mankomunitateko beste udalerriren batean erroldatutakoak, eta azkenik, gainerako pertsona denak.