Berangoko kafeak porlan zaporea du!

GuNe Uribe Kosta 2020ko ots. 14a, 13:30

Kafe tailerra du izena Berangoko Udalak ingurumen eta klima larrialdiari aurre egiteko abenduan martxan jarri zuen prozesu parte-hartzaileak. Mesfidati baina itxaropentsu, lehenengo saiora proposamenekin gerturatzea erabaki genuen GuNe kolektibokook. Orain bigarren saioaren atarian, lehenengo kafe tailerrean dastatutakoaren ostean badakigu: "Berangoko kafeak porlan zaporea du!".

Kaixo esanez ireki zuen kafe tailerra alkateak, antolatzaileek euskaraz bermatu zuten berba bakarra. Gainontzekoa gaztelera hutsean izan zen, eta ez zen labur joan; ordubete pasatxo entzun behar izan genuen alkate, zinegotzi eta teknikarien sermoia, soilik gazteleraz zeuden diapositibak jarraituz. Diapositiba bakarrean klima aldaketa eta jasangarritasuna zer diren azaldu ostean, luze saiatu ziren Udalak jasangarritasunaren alde egindakoaz konbentzitzen; zuriketa berdeak guztiak ere. Ez zuten ordea ezer aipatu jasangarritasunaren kontra eraiki dutenari eta oraindik eraiki nahi dutenari buruz.

Ordu eta pikura gainontzekoek parte hartzeko txanda heldu zenean, talde txikitan banatzeko esan ziguten berriz ere euskara kontuan izan gabe; esaterako, euskal hiztunen taldeak eratzea proposa zezaketen. Talde bakoitzari gai bat inposatu zitzaion: mugikortasun jasangarria, hondakinak edo energia eraginkortasuna; hirigintza ez zegoen aukeren artean, udalek gehien eragin dezaketen (eta eragiten duten baina kalterako) arloa den arren. Hasteko, talde bakoitzak etorkizunerako helburuak finkatu behar zituen. Gero, helburuak betetzeko batetik herritarrek eta bestetik Udalak egin beharrekoa idatzi behar genuen kartulina erdibitu batean; erantzukizun eta eraginkortasun maila berean bageunde bezala.

Taldeka behar baino denbora gutxiagoan eztabaidatu eta gero, talde bakoitzak zegozkion arloarekin loturiko proposamenak azaldu zituen. Taldeetako batek itaundu zuen ea egia ote zen Berangoren bi muturretan (Otxandategi eta Otxabene landa eremuak) dentsitate handiko etxebizitzak eraikitzeko asmoa dagoela. Izan ere, taldeak helburu bezala jarri zuen kotxeen erabileraren gutxitzea. Nola lortu ordea garraiobide publikoetatik urrun jendetza biziko bada? Orduan, alkateak hitza hartuz, muturretan eraikiko dutela egia dela eta aukera asko aztertu ostean ekologikoki “A” kategoriako etxebizitzak eraikiko dituztela erantzun zuen arro.

  • Eta ez eraikitzea kontuan izan ahal duzue aukeren arten? - Galdetu zuen herritar batek.
  • Ez, ez, hori ez. - Erantzun zuen Anabel Landa alkateak.

Jendeak barre egin zuen. Alkatearen erreakzio penagarriagatik izango zela susmatzen dugu. Baina txiste bat dirudien arren kontu serioa da.

Lehen saioaren balorazioa

1 - Zuriketa berdea

Ezin onar dezakegu ekologia erasotzen duen udaletxeak bere burua “aldaketa klimatikoaren aurkako estrategia partekatu baterako prozesu parte-hartzailea” lelo pean zuritzea. Forondako arbolarekin bezala, Berangoko kafearekin larrialdiari buruzko adierazpen hutsalak besterik ez dituzte egiten.

Hauek dira Udalaren argudioak beren burua zuritu nahian jasangarritasunaren alde dabiltzala konbentzitzeko:

  • Farolak kontsumo gutxiagokoetara aldatu dituztela (legez behartuta daude eta haien iniziatiba ekologiko modura azaltzen dute). Ez dituzte ordea Mega Parkean gau osoa pizturik dauden argiak itzaliko, ez komertzioenak ez eta aparkalekuetakoak. Bide batez, ikerketen arabera ipurtargiak desagertzen ari dira argi kutsaduraren erruz, eta LED argi “jasangarriagoak” omen dira kaltegarrienak zentzu honetan.
  • Bosgarren kontainerra jarri izana, legeak behartua baita ere. Badaezpada ez dute esaterako ekologikoagoa den atez atekoa martxan jarriko. Ez dituzte herrira ekarri behar ez zituzten komertzio erraldoiak hondakinak gutxitzera behartuko.
  • Landarez estalitako horma Sabino Arana kalean. Ez du azalpenik behar.

Berangoko Udalaren politikek ordea ez dute jasangarritasunarekin zerikusirik eta klima aldaketa larriagotzen dute. Esaterako, udaletxeak kotxe pribatua oinarri duen merkatalgunea bultzatu du, zeinean azalera handiko dendek beraien produktuak urrutitik ekartzen dituzten. Herriko hirigintza zabalera antolatu da, oso dentsitate gutxiko bizitokiekin (txaletak, txalet lotuak…), hirigune argirik gabekoa. Otxabenen eta Otxandategin eraikitzeko egitasmoak astakeria horren adibide gardenak dira: dentsitate handiko bizitokiak kanpoaldean, kotxe pribatuaren eragina areagotuz (egun, EAE-n, garraioa da isurketa gehienaren sortzaile).

Gainera, eskema horrek ez dio lurrari beste erabilpenik uzten. Gure udalerrian nekazaritzak ia ez du tokirik. Zur-industriak mehatxu larria egiten dio gure mendien bioaniztasunari; eukaliptoak nagusiak dira mendietan eta geure zuhaitzei ez zaie lekurik geratzen.

Aurreko guztia Berango jasangarri batekin bateraezina da. Jarduera ekologistei osotasunetik ekin behar zaie. Ingurugiroarekiko zaintza ezin da arlo bakar baten esku utzi eta ez du zerikusirik adierazpen hutsalekin. Ekologia udaletxearen ekimen guztien pean egon behar da, eta hark giza, ekonomiko zein ingurugiroko eraginen jabe ere izan behar du. Berango jasangarria lortzeko denok egin behar ditugu aldaketak geure bizimoduan, bai, baina gaitasun eta erantzukizunak ez dira denontzako berdinak. Instituzioek herritarron bizi baldintzak eraldatzeko ahalmena dute. Horrexegatik, erantzukizun gehiago eskatu behar diegulakoan gaude.

2 - Prozesu parte-hartzaile faltsua

Prozesu parte-hartzailearen tresnak abantailak asko ditu, aipagarriena izan daiteke erabaki gune berri bat sortzen dela, politikaren sozializazioa ahalbidetzen duena eta herritarrei erabakitzeko aukera eman ahal diena. Baina oso ondo egin beharreko prozesua da, udal gobernuek herriarengatik gertuago daudela irudikatzeko edo biztanleek herriko erabakietan badugula zer esan pentsarazteko erabiltzen direlako sarritan.

Red Cimasek lau maila desberdintzen ditu partaidetza sailkatzerako orduan. Lehenengoa, informazioa banatzera eta administrazio kontuetan laguntzera mugatzen den maila da. Bigarrena, seguru asko erabiliena, administrazioak araudiak betetzeagatik garatzen dituzten kontsultak egiten dituena da. Hirugarrenak, metodologia parte-hartzaile berritzaileak martxan jartzen dituen eredua izango litzateke eta azkenengoan benetako demokrazia parte-hartzaile erreal baten bidean ekimen parte-hartzaile anitz ugari sortzen dituen eredua litzateke. Sailkapen hau izanda eta Berangoko kafe tailerrari erreparatuz hainbat puntu azpimarratu behar ditugu:

Prozesu parte-hartzailea ez denean loteslea, hasieratik dago ezertarako balio ez izateko arriskuan, hor borondate politikoaren eskuetan gelditzen baita dena. Beraz, erabakitzeko boterea udal gobernuaren eskuetan jarraitzen du. Borondate politikoak eragin handia izango du prozesuaren etorkizunean. Prozesuan ateratzen dena aplikatzeko prestutasunik gabe, biztanleria informatzera mugatzen den prozesu bat bihurtu daitekeelako.

Ez loteslea izateaz gain beste arazo batzuk ditu: gaiak inposatuak izan ziren eta krisialdi klimatikoaren barruan mila gauza gehiago sartzen dira. Jendeak ezin zuen nahi zuenaz hitz egin, esan zitzaizkien gaiak bakarrik landu ziren.

Parte hartzaileen profilarekin ere erronka handiak daude gehiengoa gizona, zuria eta heldua profilean sartzen delako. Horrek hausnartzera eraman behar gaitu, zein ordutan egiten diren saioak, nork hartu ahal du bere bizitzan horrelako espazio batean parte hartzeko tartea, zein hizkuntzatan egingo den eta abar.

Aurretik aipatutako guztia kontuan hartuta, esan genezake prozesu parte-hartzaileak aurrera pauso bat direla biztanleria eta udal gobernuaren arteko harremana birdefinitzen hasteko. Baina ez da nahikoa. Alde batetik, tresna zaindu behar delako behar duen arreta eta denbora eskainiz eta beste alde batetik, udal gobernua tenkatzeko eta biztanleriaren mesedeetara egon dadin beste mekanismo batzuk eraiki eta erabili behar direlako eta hori da herri mugimenduen funtzioa. Hausnartzeko da ere horrelako prozesu batean herri mugimenduetako eragileei egindako gonbidapenik egon den edo ez, eta beste alde batetik, horrelako prozesu parte hartzaileak proposatzen dituen udal gobernuan, euren kabuz antolatzen diren herri mugimenduak nola zaintzen dituen.

3 - Higiezinen hirigintza higiezina

Aipatu bezala, hirigintza ez zegoen Kafe Tailerreko gaien artean. Hala ere, proiektu urbanistikoak dira geratzen zaizkigun berdeGuNeak behin betiko suntsitzen dituztenak. Horrela, Kurtzeko eta Santa Anako landa eremuak txaletak zabalera eraikiz suntsitu dituzte; lurraren erabilera jasangarria, nola ez. Landaidan aldiz, mendia eta landa suntsitzeko gai izan dira baserri eta guzti, Mega Parka jartzeko; kontsumo lokal jasangarria, nola ez. Gainera, etorkizun hurbilean Otxandategiko landa, fardoak egin eta behiak lastoz elikatzeko erabiltzen dena, porlanez estaliko dute. Patu berbera dagokio Otxabeneko hezeguneari eta garai batean fruta-arbolak zituen landa emankorrari. Biak hala biak, beharrezkoak ez diren etxebizitzak egiteko. Beste batzuk aipatzearren, eraikuntza suntsitzaileen zerrenda luzean daude Etxebarri, Lantzarte eta Karabiazpiko Arana hariztia ere.

Lurraren suntsiketa masibo hau gutxi balitz, hirigintzaren bidez bizitza eredu bat inposatzen digute, besteak beste ekologikoki jasangarria ez dena. Kotxearen beharra, supermerkatu handiak, lotarako herriak, jendarte atomizatua, kontrol soziala, zur industria kaltegarria, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren desagerpena, etxebizitzaren espekulazioa… hori guztia sustatzen du Berangoko hirigintza ereduak; ez dago ingurumenaren mesedetan, ez eta herritarren mesedetan ere, kapitalaren mesedetan baizik. Hots, hirigintza honek, lurraren muga materialak onartu gabe, ingurumenaren eta herritarren zapalkuntza oinarri, gutxi batzuk aberastea du helburu. Berangon urrea gris kolorekoa da, galdetu Anabeli bestela. Nola jarriko dute zalantzan hirigintza, Udalaren (eta zenbait patrikaren) diru iturri denean? Ekologia bermatu nahi bada, sistema osoa zalantzan jartzeko askatasuna beharrezkoa da. Baina Berangoko Udalak interes pribatuak babesten dituenez, higiezinen hirigintza higiezina da.

Zer zentzu du lurrak suntsituz etxebizitzak eraikitzeak Bizkaian populazioa gainbehera dagoenean? Zer zentzu du etxe gehiago eraikitzeak asko hutsik daudenean? Herria etengabe hazi behar da; ekonomia jasangarri baten eredu, nola ez.

Hala ere, bada inguru bat herrian non ez den porlanik isuriko, Berangon urbanizagarria ez den eremu bakarra; Larrañazubi. Azken finean, badirudi Landak landak maite dituela, han bizi baita bera betidanik. Bitxia.

4 - Euskaldunoi erasoa Udaletik

Zaharrak berri, Berangoko Udalak aktiboki lan egiten du herria erdalduntzearen alde. Bestela, nola da posible Udalak herritarrentzat antolaturiko ekimenak gaztelera hutsean izatea? Kafe tailerrean euskarari eraso egin diote baina ez dituzte ekimen publikoak soilik erabiltzen horretarako. Hirigintzak ekologiarekin duen loturaz gain, prozesu urbanistikoek eragin handia dute herrien soziolinguistikan ere; Uribe Kostan aspalditik bizi denak badaki hori. Hirigintza herria euskalduntzearen aurkako arma da Berangoko Udalaren eskuetan.

Tailerraren bukaeran, herritar batek hurrengorako euskararen kontua konpontzeko eskatu zien. Konponduko zutela erantzun zioten, ea hori behintzat konpontzen duten.

5 - Kontzientziazio helburu

Kafe tailerraren helburua herritarrak kontzientziatzea omen da. Zergatik kontzientziatu nahi gaituzte ezeren eredu ez diren instituzioek?

Haien asmoa benetan herria kontzientziatzea izango balitz ere, arazoak ez datza herriaren kontzientzia faltan soilik. GuNeko kideoi ere ezinezko zaigu inposatu zaigun bizitza ereduari aurre egitea gure kontzientziarekiko era koherentean. Izan ere, bizitza eredua kolektiboki eraldatu behar dugu eta instituzioek tresna aproposak dituzte zenbait aldaketa bideratzeko, egun okerrerako erabiltzen dituztenak.

Badirudi Berangoko Udalak kontzientziazio ekologikora bideraturiko 10.000 euroak diru publikoa lagunen artean banatzeko modu erraza baino ez dela. Garbi ote dute kontzientzia kontzientziatu nahi gaituztenek? Agian horregatik dio Berangoko alkateak "Ez daukat nire burua politikaritzat" Hirukan.

Zer egin daiteke?

Hauek dira kafe tailerrera eraman genituen eta saioaren formatuagatik azaldu ezin izan genituen proposamenak. Halaber, dei egiten diogu nahi duen orori elkarrekin lan egiteko, eta herriko udaletxeari nola gainerako instituzioei bizi dugun benetako krisialdi ekologikoari behar bezala eusteko.

1- OTXABENE ZEIN OTXANDATEGIKO EGITASMOAK BERTAN BEHERA UZTEA

Udalerriko berdegune handiak dira hauek. Ezin dugu onartu etxebizitzak eraikitzearekin betiko gal daitezen. Horren ordez, Otxabeneko hezeguneak berreskuratu eta babestea proposatzen dugu. Gune naturalak isurbide gisakoak dira, hots, sortzen ditugun CO2ko isurketak xurgatu egiten dituzte. Funtsezkoak dira aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan. Otxandategirako, ordea, auzo mailako ortuak sortzea proposatzen dugu. Hala, gure aztarna ekologikoa ere murriztuko dugu, hurbileko jakiak kontsumituz.

2- BERTOKO NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA BULTZATZEA

Produktuen sakabanaketarako kate handiek munduko bazter guztietatik ekartzen dituzte jakiak. Horiek garraiatzeak negutegi efektua eragiten duten gasen kopuru izugarria isurtzen dute. Gainera, plastikoz inguratuta etortzen dira. Ingurugiroarekiko eragina itzela da. Horregatik, hurbileko jakiak kontsumitzea osasungarriagoa da bai izadia nola gizakiontzat ere. Udaletxeari herriko nekazaritza bultzatzea eskatzen diogu, elikadura burujabetasuna helburu delarik. Aldi berean, udaletxeak bertoko merkataritzari eman behar dio lehentasuna, eta ez azalera handikoari.

3- ESPEZIE ANITZEKO BASOAK BILAKATZEA

Gure mendien kudeaketaren azpian enpresarien lehia eta etekina besterik ez dago. Hein handi batean, zura lortzeko eukaliptoz beterik daude, lurzorua izugarri higatuz. Gainera, lur hilerri bat ere badugu Berangoko mendietan, bertan botatzen baitituzte inguruko hirigintza lanen hondakinak. Berango jasangarri baterantz abiarazteko kudeaketak mendien ondare ekologikoa ipini behar du barne muinean. Udaletxeak bertoko espezien aniztasunaren aldeko jarrera izan dezala nahi dugu. Basoak isurketen isurbiderik garrantzitsuenetakoak ditugu. Larrialdi klimatikoa geldiarazteko ezinbesteko tresna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun