Koronabirusa Uribe Kostan

Berangoko saltokiei eta enpresa txikiei dirulaguntza emango diete, COVID-19aren ondorioak arintzeko

Unai Brea 2020ko mai. 25a, 10:42

© BERANGOKO UDALA

Berangoko Udalak 50.000 euroko dirulaguntza emango du "udalerriko saltokietan eta enpresa txiki eta ertainetan dagoen egoera ekonomikoa arintzen laguntzeko", koronabirusak eragindako krisia dela eta. Alarma-egoeragatik jarduera aldi baterako eten behar izan dutenek jaso ditzakete laguntzak.

Dirulaguntza-deialdiak dioenez, "beste administrazio batzuek hainbat neurri ekonomiko onartu dituzten arren, egia da eragin sanitarioa, soziala eta ekonomikoa oso handia izan dela, eta neurri horiek nahikoak izango ez direla uste dugu, krisialdi honen aurreko jarduera ekonomikoa eta enplegu-maila berreskuratzeko".

Egoitza fiskala Berangon duten pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, baita mikro-enpresek ere (hamar langile edo gutxiago dituztenak eta negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra bi milioi eurotik beherakoa dutenak). Eskatzaile bakoitzari 800 euroko zenbatekoa emango zaio.

Eskaera gauzatzeko epea hamabost egun naturalekoa izango da, Udalak deialdia bere webgunea iragartzen duen egunetik hasita, eta berangokoudala@berango.org posta elektronikoko helbidera idatziz egin beharko da. Aurrez aurreko izapide bakarra aurkeztu beharreko dokumentazioa ematea izango da, aldez aurretik hitzordua eskatuta. Hemen ikus daitezke dirulaguntzen baldintza denak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun