Koronabirusa Uribe Kostan

Ekainaren 1etik aurrerako argibideak jakinarazi dituzte Berangoko kultur etxeek

Erredakzioa 2020ko mai. 31a, 14:25

Burdin Hesia museoa.

Ekainaren 1ean hainbat udal-eraikin zabalduko ditu berriro Berangoko Udalak (Udaletxea bera barne), eta horregaz batera Berango Kulturako zerbitzu batzuk bueltatuko dira. Besteak beste, liburutegietara sartu ahal izango da berriro, baina liburuak maileguan hartzeko baino ez. 

Helduen zein umeen liburutegietara sartzeko aukera egongo da bihartik aurrera (ekainak 1), baina mailegu-zerbitzua izango da funtzionatuko duen bakarra, eta barruan egoteko denbora-muga egongo da, hamar minutukoa helduentzat eta hamabostekoa umeen kasuan. Ezin izango da libururik ukitu, liburuzainek emandakoak hartzeko izan ezik, eta kutxa bat paratuko da sarreran, itzulitako liburuak uzteko. Liburu horiek berrogeialdian ipiniko dituzte.

Liburutegietara sartzeko hitzordua eskatu beharko da, helduen kasuan 09:00etatik 10:00etara eta 13:00etatik 14:00etara. Mailegu-zerbitzuak, berriz, 10:00etatik 13:00etara funtzionatuko du. Umeentzat, hitzordua eskatzeko ordutegia 10:00etatik 10:30era eta 12:30etik 13:00etara izango da, eta mailegu-zerbitzua 10:30-12:30. Puntualtasuna eskatu dute, ordena eta segurtasuna mantentzeko, eta maskara eroatea derrigorrezkoa izango da. 13 urtetik beherakoek 14 urtetik gorako batek lagunduta joan ahal izango dira.

Burdin Hesiaren museoa zabalik, mugakaz

Ateak zabalduko ditu, era berean, Burdin Hesiaren Museoak, baina hitzordua eskatu beharko da bisita egiteko, eta asko jota zortzi lagun egon ahal izango dira aldi berean barruan. Gomendatu dute ezer ez ukitzeko, erlojuaren orratzen norabideari jarraitzeko bisita egitean, eta metro biko distantzia uzteko pertsonen artean. Gainera, galarazita egongo da komunera joatea. Hitzordua eskatzeko ordutegia 09:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da, eta bisita-ordutegia, 11:00etatik 14:00etara, zapatu eta domeketan bakarrik.

Ikastaroak eta Aste Santua

Ikastaroen erabiltzaileei telefonoz deituko zaie kultur etxeetan dituzten materialak jasotzera joateko hitzordua emateko. Ohartarazi dutenez, ez ez zaio materialik emango hitzordua ez daukan inori; bestalde, materialak kanpora aterako dira itzultzeko momentuan, inor ez sartzeko eraikin barrura. Ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da.

Aste Santuko aisigune-programa ordaindu zutenei, berriz, dirua itzuliko zaie, eta horretarako ere telefonoz emango zaie hitzordua. Kreditu-txartelaren bidez ordaindu zutenek instantzia aurkeztu beharko dute Udaletxean, dirua itzultzeko eskatuz, eta kontu-zenbakia adieraziz. Ordutegia 09:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da.

Ikastaroek, gaztelekuak, ludotekak eta ludoklubak etenda jarraituko dute.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun