Adinen araberako kategoria bi izango ditu lehiaketak: junior, 12 eta 17 urte bitartekoena, eta senior, 18 eta 30 artekoena. Parte-hartzaileek Berangon erroldatuta egon behar dute, edo ohiko etxebizitza udalerrian dutela justifikatu. Lanak egiteko euskarriak, berriz, lau izan daitezke: pintura, kontakizuna, argazkia eta bideoa.
Pinturak plastikoak izango dira, egileak gura duen formatu eta estilokoak. Kontakizuna ere gura den estiloko idazkia izango da, era gutxienez orrialde bat eta gehienez bost izango beharko ditu. Argazki-kategorian erretratu bakarra aurkeztu ahal izango da, gura den gailuagaz egindakoa baina digitalki manipulatu barik. Eta bideoari dagokionez, gehienez hiru minutuko iraupena eta eduki originala izan beharko ditu.
Lanak banakakoak edo taldekakoak izan daitezke, eta parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du kategoria bakoitzean. Denera sari bi emango dituzte, bata junior adin-tarterako eta bestea seniorrerako: junior mailan, 30 euroko otordua herriko ostalaritza-lokal batean, eta senior mailan, gauza bera baina 60 euroko balioagaz. Hau da, ez da sari bana emango kategoria artistiko bakoitzerako.
Izena emateko Berango Labegaz harremanetan jarri beharra dago, 640 121 935 telefonora deituz edo berangolab1@gmail.com posta elektronikora idatziz.