Icaza jauregiaren jabetza eskuratuko du Berangoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2020ko abu. 13a, 13:42

Icaza jauregia. © BERANGOKO UDALA

Moreaga parkean dagoen Icaza jauregiaren jabetza eskuratzeko hitzarmena onetsi du Berangoko Udalak. Hala, permuta baten bidez, Udalak Otxabene sektorean duen partzela baten trukean eskuratuko du jauregia eta horren ondoan dagoen beste eraikin txikia. Anabel Landa Berangoko alkateak uste du hitzarmen hori "oso berri ona" dela, "herrian egon den aspaldiko eskakizun bat delako".

Inmogroup Grupo Promociones Inmobiliarias S.A.-ren eta Udalaren artean higiezinak trukatzeko hitzarmen proiektua onartu zuen Udalbatzak joan den uztailaren 14an egindako osoko bilkuran. Egitasmoak EAJren aldeko botoak jaso ditu; EH Bildu abstenitu egin zen eta Elkarrekin Podemosek eta PSEk kontra bozkatu zuten. Hala, permuta baten bidez, Otxabene sektorean Udalak lortuko duen partzela baten truke eskuratuko ditu Udalak jauregia eta ondoko lokala; "kotxetegiak" izenagaz ezaguna dena.

Anabel Landa Berangoko alkateak azaldu duenez, osoko bilkuran onartutakoa jauregia eskuratzeko lehenengo pausoa baino ez da; "plenoan onetsi da eta orain hitzarmena publiko egin da. Ondoren, hori sinatu eta permuta gauzatuko da". Higiezinak trukatzeko hitzarmen horri esker Udalak eraikin bien jabetza jasotzeaz gainera, Inmogroup S.A.-k "kotxetegiak" egokitzeko lanak egingo ditu, 125.000 euroko balioagaz.

Eraikin txikiari dagokionez, Landak iragarri du taberna txiki bat jartzeko asmoa dutela, "Moreaga parkeko erabiltzaileek aspalditik eskatzen duten zerbitzu bat delako". Horrez gainera, gaur egun Berangoetako ludoteka gune berri horretara lekualdatu gura dute.

Icaza jauregiaren erabilerari dagokionez, bertan ere konponketa-lanak egin behar direla azaldu du Berangoko alkateak. Horiek gauzatzeko data zehatzik ez dago oraindino, "diru-kontuak zelan daudenaren arabera izango da. Dena dela, nik uste dut epe ertain-laburrean egin ahal izango dugula". Egokitzapenak egin ondoren, herritar denentzako ekipamendu kultural bat izatea aurreikusi dute udal-arduradunek, "herritarrek erabili ahal izateko, egunero".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun