Irailaren 21etik 25era egongo da aukera Berangoko Udalak antolatu ohi dituen ikastaroren batean izena emateko. Horretarako, berangokultura@berango.org edo santanakultura@berango.org helbideetara idatzi beharra dago, edo Berangoeta Kultur Etxean aurrez aurre egin. Onartuen behin-behineko zerrenda irailaren 28an ipiniko dute udalerriko kultur etxeetako iragarki-oholetan, eta izena eman dutenei zuzenean jakinaraziko zaie, posta elektroniko bidez.
Ikastaroren batean gehienezko leku-kopurua gaindituz gero, zozketa egingo da irailaren 29an, 12:00etan, Berangoetako areto nagusian. Asko jota hogei lagun sartu ahal izango dira zozketa ikustera. Behin betiko zerrendak irailaren 29an bertan argitaratuko dira.
Ikastaroen saio bakoitzean, irakasleaz gain, bederatzi pertsona egon ahal izango dira gehienez (batzuetan bat gutxiago, zortzi). Hala ere, urteroko ohiko erabiltzaile-kopurua sartu ahal izateko, antolatzaileek taldetan banatu dituzte ikastaro gehienak. Beheko koadroan ikus daitezke bakoitzaren hasiera-datak, ordutegiak, egunak eta edukiera:
COVID-19aren aurkako protokoloa
Osasun-segurtasuna bermatzeko ohiko neurriak ezarriko dira. Hala, musukoa beti jantzita eroan beharra egongo da, eta pertsonen arteko gutxieneko distantzia metro eta erdikoa izango da. Gainera, tenperatura hartuko zaie gelara sartu baino lehen, eta sukarra dutenak ezin izango dira bertan geratu. Parte-hartzaileak saiatu egingo dira materialik ez partekatzen, eta egin behar izatekotan erabili aurretik eta ondoren desinfektatuko dute, eta eskuak garbituko dituzte.