Senegalen plastikoak birziklatzeko proiektu bati 10.000 euroko dirulaguntza eman dio Udalak

Unai Brea 2020ko urr. 23a, 10:42
© BERANGOKO UDALA

Berango Udalak iragarri du 10.000 euroko laguntza eman duela Aminata eta Hahatay Gobernuz Kanpoko Erakundeek martxan ipinitako Defaratt proiektuari laguntzeko. Azaldu dutenez, elkarte biek sortutako enpresa soziala da Defaratt, Senegalgo Gandiol eskualdean plastikoa kudeatzeko eta birziklatzeko asmoa duena. Zehazki, birziklatze-instalazioak energia fotovoltaikoz hornitzeko erabiliko da dirulaguntza.

Aminata elkarteak Berangon du egoitza. 2016an sortu zuten Nerea Pérez-Arrospide langile boluntarioaren senide eta lagunek, hura trafiko-istripu batean hil eta gero. Zendu zen garaian, Senegalgo Hahatay elkartearen proiektu bat aurrera ateratzeko lanean zebilen. Hain zuzen ere, afrikar gazteak segurtasun-baldintza egokirik gabe migratzearen aurka borrokatzen da Hahatay.

Lotura estua dute GKE biek, eta elkarlanean ipini dute martxan Defaratt enpresa, plastikoak birziklatzeko eta zeregin horretarako kalitatezko enplegua sortzeko asmoz. Energi arloko gastua murrizteko, fotovoltaikoa erabiltzen hasi gura dute, eta horretarako behar duten instalazioa egiten laguntzeko eman die Berangoko Udalak 10.000 euroko subentzioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun