Otxabene inguruan zuhaitz-landaketa egingo du Berango Lurraren Defentsan kolektibo sortu berriak domekan

Erredakzioa 2020ko aza. 20a, 20:25

Otxabenen eraikitzeko asmoen aurka Santa Ana auzoan egindako topaketa. © BERANGO LURRAREN DEFENTSAN

"Proiektu txikitzaileak salatzeko asmoz" eratu dute Berango Lurraren Defentsan taldea, haren sortzaileek azaldu dutenez. "Berangoko merkataritza-parkea; Sopela eta Azkorri lotuko dituen errepidea; Otxabenen, Otxandategin, Etxebarrin, Aranan eta Mastiganen eraikiko diren etxebizitzak...", ipini dituzte adibide. Domeka goizean landaketa egingo dute Otxabenen, "porlanez ito nahi dituzten lurrak zuhaitzekin indartzeko, eta herritarrak bertara joateko deia egin dute.

Taldeko kideek gogorarazi dutenez, datozen zortzi urteetan 2.376 etxebizitza eraki gura ditu Berangoko Udalak, HAPOaren arabera. Asmo hori betez gero, "eta kontuan izanik etxebizitza bakoitzean gutxi gorabehera 2,5 pertsona bizi direla, Berangora 5.940 bizilagun etorriko lirateke", azaldu dutenez. Hartara,  populazioa "izugarri handitzea" eragingo luke hirigintza-plana gauzatzeak, Berango Lurraren Defentsan kolektiboren esanetan, gaur egun 7.000 biztanle inguru baititu udalerriak.

"Epe laburrean, arriskurik handieneko guneak Otxabene, Otxandategi, Etxebarri eta Aranakoak dira", adierazi dute; "lur horien balio soziala, ekologikoa eta historikoa eta nekazaritza suntsituko dituzte". Gainera, aipatutako proiektuetako asko herritarren parte-hartzerik gabe onartu direla salatu dute. Hori dela eta, joan den astean Otxabene inguruko hirigintza-proiektuaren berri eman eta udal-gobernuaren asmoak salatzeko txokolate-jana egin zuten Santa Anan, eta helburu beragaz antolatu dute domekako zuhaitz-landaketa, 11:00etan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun