Aurkezpenaren hasieran, Anabel Landak Udalaren izenean eskertu du Miñambresek "musu truk" egindako lan eskerga. Era berean, azpimarratu du edizio-gastuak ordaintzeko Gogora Institutuak emandako laguntza. "Berango Udalak memoria historikoagaz daukan konpromisoaren adierazle da liburu hau", adierazi du Landak, "bertan deskribatutako gertaerak eta egoerak ezezagunak dira gaur egungo berangoztarrentzat, eta zabaldu gura ditugu".
Izan ere, gura duten herritarrek liburuaren doako ale bat eskuratzeko abagunea izango dute (etxe bakoitzeko bana), Udalak laster jakinaraziko duen leku eta orduetan.
Burdin Hesia, amaitu bako arma-fabrika, Franco Berangon...
Aitor Miñambresek liburuaren edukiaren berri eman du labur-labur. Besteak beste, gogora ekarri du 36ko Gerra hastean berangoztarrak, inguruko herrietakoak legez, mobilizatu egin zirela, eta Burdin Hesia eraikitzen parte hartzeaz gain, arma-lantegi bat altxatzeari ekin ziotela gaur egun Eroskiren hipermerkatua den horretan. "Eibarko industria atzeguardiara eraman zuten eta bertan hasi ziren ordezko fabrika bat egiten". Hala ere, lantegia martxan hasi baino lehen sartu ziren frankistak Berangora, liburuan ondo azaltzen denez, argazki eta guzti.
Hainbat testigantzak jasotzen dira liburuan, horien artean orduko jazoerak zuzenean bizi izandako lau berangoztarrenak (artean umeak ziren, jakina). "Burdin Hesia apurtu eta erretiran zihoazen gudari batzuenak ere badaude, frankistak ailegatu orduko azken orduak zelakoak izan ziren deskribatzen dituztenak", gaineratu du Aitor Miñambresek. Gerora, Flechas Negras Brigadako soldadu italiarrak egon ziren herrian, eta Franco bera eurakaz elkartu zen Berangon, zorionak emateko.
Bestalde, frontean hildako herriko zortzi semeren berri ematen du Berango in memoriam liburuak, eta desagertutako bat eta fusilatutako beste bat ere aipatzen ditu.