Berango Lurraren Defentsan taldeak deitoratu du udalerrian martxan dauden hirigintza-proiektuak; izan ere, dioenez, besteak beste, "lo-herriaren mehatxua dakarte dagoeneko nahikoa lo dagoen herrira. Baina, pijama soinean, eta burkoa eskuan, prest gaude borrokarako".
Talde ekologistak salatu du espekulazioa "pil-pilean" dagoela Berangon: "Udal-gobernuaren azpijokoak ez ezik, maniobra ilegalak ere egin ditu lur-eraikigarriak Amenabar enpresari emateko". Horren aurrean, Espekulazioaren Aurkako Bulegoa zabalduko dute, enpresa eraikitzailearen bulegoaren aurrean, iragarri dutenez.
Proiektu berri horrek hiru helburu izango dituela iragarri dute ekintzaileek:
- Berangoko hirigintza espekulatzailearen inguruan informatzea.
- Otxabenerako auzolanean gauzatuko dituzten proiektu alternatiboak martxan jartzeko proposamenak egitea, jasotzea eta antolatzea.
- Eskualdean lurraren defentsan zein espekulazioaren aurka dabiltzan taldeek haien borroka azaltzeko aukera ematea.
Hala, datorren urtarrilaren 31n, domekan, kalejira egingo dute udaletxetik bulego berri horretaraino, 12:00etatik aurrera. "Kalejira, burkoen gerra, pikoteoa, pijama-gala eta jai giro aparta!" egongo dela iragarri dute deitzaileek.