Urtarrilaren 26an, martitzenean, egin zuten ohiko osoko bilkuran, koalizio abertzaleak ohartarazi zuen Arana bidean jarri duten hustubideak hutsune handiegiak dituela, eta, era berean, horrek oinezkoen segurtasuna arriskuan jar dezakeela.
Aldi berean, koalizio abertzaletik nabarmendu zuten Burdin Hesira heltzeko seinaleek oztopo horretatik joateko adierazten dutela, eta, beraz, oinezkoentzako pasabide egoki bat jartzeko eskatu diote udal-gobernuari.
Alkateak jakinarazi zuenez, isurbide hori mendiko hondakinak biltzeko jarri zuten. Hala ere, koalizio abertzalekoek gogoratu ziotenez, agintaldian beste bost aldiz egin duten bezala, egur-enpresei ez zaiela eskatzen baso-mozketaren ondoren hondakinak batzea. Horren ondorioz, adarrek eta hostoek bide hori ibilgaitz bihurtzen dela gaineratu zuten. Bestalde, bero handia dagoenean, hondakinok 2015eko bezalako suteak gertatzeko arriskua areagotzen dutela ere azpimarratu zuten koaliziokoek.