Historiaren ganbara

Aguirremendi, duela 30.000 urteko Berango

Iñaki Libano 2021ko ots. 17a, 09:31

Alberto Diezek aurkitutako materialen marrazkia egin zuen Libanok 1990ko urtarrilaren 12an. Hura publikatu zuen Diezek bere liburuan: "Berango, 40.000 años de historia"..

Bizkaiko Historiaurreko etapa guztietako aire zabaleko aztarnategiak ditu Uribe Kostak. Horiek guztiak aurkitu dira jende "ez-profesionala"-k azken 50 urteetan egindako lanari esker. Horien jarduna beharrezkoa izan da Bizkaiko arkeologia eta Historiaurreko ondarea ezagutzeko.

Aurreko artikuluetan, aztarnategi horietako batzuei eta haien egileei balioa eman diegu. Esan genuen, halaber, haiei esker, gaur egun oso ikerketa garrantzitsuak egiten ari direla inguruotan. Azken 50 urteetako ikertzaile horietako batzuk honako hauek izan ziren:  José de Saratxaga, Alberto Diez, Faustino Dublín, Isidro Martiarena eta lerrook sinatzen duena. Denok egin dugu ekarpen oso garrantzitsua Uribe Kostako Historiaurreko arkeologia ezagutzeko. 

Aztarnategi horietako bat Alberto Diezek aurkitu zuen Berangoko Aguirremendi mendian, 1985ean, Berango, 40.000 años de historia liburuan aurkeztutakoa. Albertok silexezko material batzuk bildu zituen, Bizkaiko etaparik urrienak ezagutzeko argitaratu genuen artikulu batean protagonista izango zirenak. Pieza horietako bat, karrakagailu bat, zehazki, Jose Migel Barandiaranek aztertu zuen. Albertok Ataungo bere etxera eraman zuen 1987an, eta aita Barandiaranek Auriñaziar garaikoa zela ondorioztatu zuen. 1990ean, Albertok eskatuta, Aguirremendiren silexezko pieza horren marrazki bat egin nuen, aipatutako liburuan argitaratzeko.

Beranduago, 2010ean, Aguirremendiko materialak nire esku jartzeko eskatu nion Albertori, azterketa sakon bat egiteko; 2014ko Kobie aldizkarian argitaratu zen: "El yacimiento al aire libre del Paleolítico Superior inicial de Aguirremendi (Berango, Bizkaia)". J. Ríos, A. San Emeterio, I. Libano, D. Garate, S. Vega eta A. Díez. Emaitzek ondorioztatu zuten pieza horiek Gravetiar garaikoak zirela. 

Berangoko Aguirremendikoa ehiztari-biltzaileen aparteko aztarnategi bat da; handik bisonteak, uroak edo oreinak igarotzen ikus zitezkeen. Puntu estrategiko horretatik, animaliok bilatu, eta, ondoren, zelatatze-tekniken bidez, ehizatzen zituzten. Horrela, «biziraupen-zirkulua» itxi zuten Homo Sapienseko etapa batzuetan, non jardunbide horiek ziren garrantzitsuenak taldea babesteko. Aguirremendi duela 30.000 urteko kanpaleku txiki baten aparteko adibidea da, noizbehinka, denboraldi laburrean, erabili zena.

Aguirremendiko aztarnategiaren lanaren inguruan egindako laburpen txiki honetatik eskerrak eman nahi dizkiet Alberto Diezen eta lehen aipatutako lagun guztiei, Uribe Kostako Historiaurrea ezagutzeko egin duten lanagatik eta ekarpenagatik. Izan ere, gaur egun, aztarnategion egoera ezagutzearen eta gure eremuan hainbat jarduera gauzatzearen arduradun eta egileak dira horiek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun