Iraia Collado

“Gazteak euskal dantzetara erakartzea da gure erronka”

Julen Nafarrate 2021ko ots. 18a, 11:15

Berangoko Simon Otxandategi dantza-taldeko presidente berria da Iraia Collado berangoztarra. Ilusioz eta arduraz jaso du kargua.

Ez dakizu zenbat botatzen ditudan faltan erromeriak”. Berbak Iraia Collado Bilbao berangoztarrarenak dira, baina seguru nago batek baino gehiagok bat egingo duela adierazpen horregaz. Colladok orain dela urtebete hartu zuen Berangoko Simon Otxandategi dantza-taldearen gidaritza, Iñaki Gonzalezen lekukoa jaso ostean: “Iñaki 50 urtez izan da zuzendaria, eta ardura handia sentitzen dut, baina, zorionez, lantalde oso txukuna daukagu, eta dena adosten dugu denon artean”.

Urte zaila izan du Colladok zuzendaritza-lanetan hasteko. Kargua hartu eta gutxira heldu zen COVID-19 gaitzak ekarritako osasun-krisia; ondorioz, txistu-hotsak isildu egin ziren Elexaldeko lokalean: “Iazko martxotik ez dugu entsaiorik egin, linbo moduko batean gaude: ez gara ariketa fisikoa, ez gara klase gidatua... Gure kasuan, araudia ez dago batere argi”.

Emanaldiak ere bertan behera utzi behar izan dituzte. Aratusteetan, berbarako, oraindino ez dakite Maskaradak egin ahal izango dituzten ala ez: “Aukera dagoenean, prest egongo gara plazara irteteko”. Beno, eta ez bakarrik plazara: “Bai, tabernetara ere bai!”. Atzerrira joateko gogotsu ere badaude. Urteotan askotariko ikuskizunak egin izan dituzte atzerriko hainbat txokotan, hala nola Grezian, Senegalen, Austrian... “Atzerrian gaudenean beti aldarrikatzen dugu Euskal Herrikoak garela”.

Zuzendaritza lanetan berria bada ere, 28 urteko berangoztarra aspaldi hasi zen fandango eta arin-arinetan: “Hiru urte izango nituen taldean hasi nintzenean”. Eta hori da, hain zuzen ere, euren, taldeko kide gutzien, erronka nagusia orain: belaunaldi berriak euskal dantzetara lotzea. “Ezinbestekoa da transmisioa ez etetea, gazteak euskal dantzetara erakarri behar ditugu”, aldarrikatu du berangoztarrak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun