Otsailaren akabuan egindako saioan, 2021erako aurrekontuak onartu zituen Berango Udaleko osoko bilkurak, EAJren aldeko botoakaz. Kontra bozkatu zuten EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, eta PP abstenitu egin zen, "baina batek ere ez zuen ordezko proposamenik aurkeztu", Anabel Landa alkateak azpimarratu duenez. Hala, aurrekontua 11,4 milioi eurokoa izango da, aurreko urtean baino ia 4 milioi gehiago. Pandemiak gora-behera, alkateak azaldu du diru-partida horren gorakada etxebizitza berriak eraikitzearen ondorio direla –eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ), besteak beste–, baita Arebetas sektorea urbanizatzeko inguruko enpresek eta jabeek jarri behar izandako diru-kopuruagatik ere –2,1 milioi euro inguru–. Azken zenbateko horren harira, alkateak azpimarratu du sektore horren urbanizazio-prozesurako zenbatekoa jarri behar izan dutela bertan lekututa dauden enpresek eta jabek: "Zeregin horretarako Udalak soilik 80.000 euro inbertituko ditu".
Gastu arruntera bideratutako saila izango da garrantzitsuena: 4,6 milioi. Bestalde, Landak aipatu du udal-langileen gastuetarako partidak igoera nabarmena izango duela aurten, udaltzain berriak kontratatzea aurreikusita dagoelako: "3 udaltzain berri kontratatzea da gure asmoa. Aspaldiko eskaera da hemen Berangon, apurka-apurka biztanle gehiago garelako eta egokitu beharra dugulako". Horrez gainera, azpiegitura publikoak hobetu eta zerbitzuak indartzeko inbertsioak ere iragarri ditu alkateak, hala nola Kurtze auzoa urbanizatzen hastea eta udal-kirol instalazioak handitzea. Proiektu bi horietarako, aurten 400.000 euroko partida bana aurreikusi dutela zehaztu du Landak: "Kopuru hauek proiektuok osorik garatzeko beharrezkoa denaren erdia da; aurten erdia jarriko dugu, eta 2022an beste erdia". Kurtze auzoa garatzeko proiektua aspaldikoa dela gogoratu du alkateak, 2005-2006 ingurukoa; bide horretan askotariko arazoei aurre egin behar izan diete udal-agintariek. Hala ere, orain beharroi aurre egitea erabaki dute, garaiotara egokituta. Horretarako, aldez aurretik, inguruko auzotarrakaz prozesu parte-hartzaile bat egitea aurreikusi dute, aurkezpena egin eta lanon nondik norakoak zehazte aldera.
Hori guztiaz gainera, Udalak 600.000 inguru bideratuko ditu aurten aurreko urteetan herritarrek, parte-hartzezko prozesu baten bidez, egindako proposamenak gauzatzen joateko, hala nola kaleko argiteria hobetu, haurrentzako parkeak egokitu –Basotxu eta Santa Ana auzoen arteko parkea estali, besteak beste– eta hainbat kaleren irisgarritasuna bermatu.
Bestalde, pandemiaren bilakaeraren arabera sor daitezkeen beharrei aurre egiteko asmoz, Udalak 2,5 milioi euroko diruzaintzako gerakina gorde du, "beharrezkotzat jotzen denari erantzuteko, eta etorkizuneko inbertsioetarako aurrezteko", gaineratu du Berangoko alkateak.