Andrea Abaitua Berango Atletismo Taldeko korrikalariak zilarra lortu zuen domekan, martxoaren 14an, Bartzelonan egin zen pista estaliko Espainiako 18 urtez beherakoen Atletismo Txapelketan. Euskadiko Txapeldunak bigarren postua lortu zuen 60 metroko hesi-lasterketan.
"Ez nuen espero. Korrika egiten dudanean ez naiz oso kontziente egiten dudanaz, denaren bila ateratzen naiz eta hori da dena", kontatu du 16 urteko berangoztarrak. Zapatuan egin zituzten finalaurrekoetan ere oso emaitza onak lortu zituen, eta 8,68 segundoko denboragaz gailendu zen. "Nire marka hobetzea lortu nuen, eta finalera oso motibatuta joan nintzen", azaldu dio Abaituak Deia egunkariari.
Domekan egin zuten azken proban, berangoztarra lehia bizian aritu zen F.C. Bartzelonako Igambo Muakuku lasterkariagaz eta C.A. Figuereseko Jana Bruses, lasterketaren irabazleagaz. "Hasieran Adrianak ehunen batzuk galdu zituen, baina lehen hesia gainditu eta gero, hobetzen joan zen, besteak gainditu eta bigarren postua lortu arte", kontatu du Josu Hernandez taldeko presidenteak.