Joan den urtarrilaren 31n, udalerrian zabor-bilketa egiten ari zirela, Berango Lurraren Defentsan taldeko kideek uralita zatiak topatu zituzten Santa Ana auzoko Lipperheide familiaren lursailean. Elementuok oso toxikoak dira, arriskutsuak osasuna eta naturarentzat. Hori dela eta, horren berri eman zioten Udalari, elementuok hortik ken zitzaten eskatzeko.
Joan den astean Udalaren ustezko "utzikeria" salatzeko oharra argitaratu zuen talde ekologistak, udal-arduradunek eskaerari erantzunik egin ez ziotelakoan. Anabel Landa alkateak, bere aldetik, azaldu du Berango Zabaltzen aplikaziotik erantzun zitzaiela hondakinok lur-eremu pribatuan daudela esanez, eta, hori dela eta, lurzoru publikoa ez den bitartean, Udalak ez duela bertan esku-hartzerik, "horregatik 'rechazado' moduan etiketatu zen eskaera hori". Dena dela, udal-agintariak azpimarratu du egoeraren berri emateko txosten bat osatu eta exekuzio-orden bat bideratu dutela lursailaren jabeak uralita-zati horiek erretiratu ditzan eskatzeko. "Martxoaren hasieran bideratu zen exekuzio-ordena, orain jabeak garbitu beharko du ingurua. Ez dakigu horren berri izan duen edo ez, baina, hainbat saiakeraren ondoren, uralita-hondakinak batu ezean, Udalak isuna jarriko lioke arduradunari, eta, orduan bai: Udalak eskua sartu ahalko luke garbiketa-lana egiteko", azaldu du alkateak, "kasuotan egin beharrekoak bideratuko ditugu".