Apirilaren 6tik aurrera jarriko dute martxan Berangon auzotaxi zerbitzua, printzipioz, urtebetez. "Proba pilotua izango da hau", azaldu du Anabel Landa alkateak. Eskaintza horren bitartez, udalerriko irisgarritasuna hobetu gura dute pertsona nagusien eta mugikortasun-arazoak dituztenen artean, besteak beste.
Zehazki, zerbitzua bideratuta egongo da Osakidetzako osasun-etxe eta ospitaleetara hurbiltzeko, baita udalerriko banketxe, komertzio, udaletxe eta garraio-publikoen zerbitzuetara joan-etorriak egiteko, besteak beste.
Udal-agintariak zehaztu duenez, zerbitzu hori eskaini ahal izateko Bizkaitaxi elkarteagaz elkarlanean ibiliko dira. Hori erabili ahal izateko, baina, aldez aurretik zerbitzuaren eskaera egitea gomendatu du. Gainera, horren erabiltzailea izateko, beharrezkoa izango da auzotaxiaren txartela izatea; pertsonala izango da hori, erabiltzaile bakoitzak berea izango du. Horretan, besteak beste, zerbitzua eskatu ahal izateko telefono zenbakia agertuko da: 946 680 008.
Tarifei dagokienez, urtean 13.300 euroko diru-sarrera gordinak dituzten erabiltzaileek doan erabili ahal izango dute auzotaxia; gainontzekoek, aldiz, 3 euro ordaindu beharko dute udalerri barruko bidaia egiteko, eta 6 euro herritik irten behar izatekotan, hala nola ospitalera joateko. Tarifak ez du kontutan hartuko zenbat bidaiari doazen kotxean.