Berango Lurraren Defentsan taldeak informatu duenaren arabera, Amenabar enpresaren bulegoetan kartelak itsastea egotzi gura diete talde ekologistako kideei. Ekimen horretan ez zuten inor harrapatu, eta, ondorioz, prentsan berba egin duen kideetako bat salatu ei dutela deitoratu du talde ekologistak.
Horrez gainera, Berangoko taldeak azpimarratu du enpresa eraikitzaileak ekologisten sare sozialak erabili dituen edonor identifikatu eta epaitu gura dutela, eta, horretarako, ordenagailuen IP-helbideak eskatu dituztela.
Daborduko kideetako batek epailearen aurrean deklaratu behar izan du, baina, momentuz, kasua artxibatuta dago IP-helbide horiek lortu artean.
Egoera horren aurrean, Berango Lurraren Defentsak galdetu du ea zergatik lurrak "ilegalki" saltzeak ondorio legalik ez duen, baina horren inguruan informatzeak bai. Hori salatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar, barikuan, Sabino Arana kalean, 19:00etan.