Datorren urteko aurrekontuak osatzeko berangoztarren iritziak batu gura ditu Udalak

Erredakzioa 2021ko eka. 15a, 14:55

Aurreko ekimen batean iritziak emateko karpa jarri zuten. © BERANGOKO UDALA

Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, aurrekontu parte-hartzaileen egitasmoa berreskuratu du Berangoko Udalak. Horren lehenengo fasea abiatu zuten atzo, astelehenean, eta, hala, herritarrek euren iritziak eman ahal izango dituzte ekainaren 27ra bitartean. Bigarren fasean, proposatutako proiektuak lehenetsiko dituzte berangoztarrek.

Oraingoan, aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko egitasmoa fase bitan banatuko da. Lehenengoa daborduko martxan da, eta Berangon erroldatutako edozeinek parte hartu ahal izango du horretan, ekainaren 27ra bitartean. Proposamenak bildu ostean, horien balorazio teknikoa egingo da, eta bigarrenean, aldiz, aurreko fasetik proposatutako proiektuak lehenesteko aukera izango dute herritarrek.

Parte-hartze bideak bi dira: aurrez aurrekoa eta online. Lehenengoaren kasuan, interesdunek euren iritziak eman ahal izango dituzte udalerrian kokatutako postontzietan; gainera, hilaren 17an, eguenean, pertsona bat auzoz auzo ibiliko da parte-hartzea sustatzen, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Internet bidez parte hartu gura dutenek, aldiz, inprimakia bidali beharko da partaidetza@berango.org helbidera, edo horretarako ahalbidetu dute formularioa beteta.

Ohi den legez, partaidetza-arauek ezartzen dute herritarrek planteatu beharreko proposamenek udal-eskumenekoak izan behar dutela, obrakaz, hirigintzagaz eta mantentze-lanakaz lotuta, baita teknikoki edo ekonomikoki bideragarriak izan ere. Era berean, interes orokorra, ondasun komuna eta udalerriko auzo guztien arteko oreka lehenetsiko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun