Irailaren 11tik 12ra

Euskararen aldeko asteburua egingo dute Berangon

Ander Zarraga 2021ko ira. 10a, 11:37

Asteburu honetan, Berangoko Udalak euskararen aldeko ekintzak antolatu ditu: musika eta magia ikuskizunak, baserrietako produktuak, artisautzak eta bestelako salmenta-postuak egongo dira zapatuan eta domekan.

Berangoko Udalak hainbat ekintza prestatu ditu herritarren artean euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzeko. Hala, baserrietako produktuak, artisautza edo liburuak eskainiko dituzten bederatzi postu jartzeaz gain, magia eta musika ikuskizunak egongo dira. Zapatuan eta domekan izango da, Sabino Arana kalearen inguruan.

Hasteko, bihar, 11:00etatik aurrera, produktu ezberdinak eskainiko dituzten postuen zabaltzeagaz hasiko dira jarduerak. 12:30etik aurrera, Ein GO musika taldeak herriko kaleak girotuko ditu bere doinuakaz. Arratsaldean, aldiz, Jose Mendez musikalariak ere bere doinuak ekarriko ditu Berangora, 18:30ean.

Magia protagonista

Magia ikuskizunak hiru lekutan egingo dituzte: frontoiaren ondoan, kalistenia gunearen ondoan eta Moreagako autobus-geltokian. Zapatuan, 18:00etan hasita, hiru ikuskizun eskainiko dituzte asteburuan zehar: alde batetik, Eriz magoak Auskalo umeentzako ikuskizuna eskainiko du, eta publikoaren eta magiaren laguntzaz bere hanka sartzeak konponduko ditu; bestetik, Marsel magoak ere publikoaren laguntza beharko du bere magia trikimailuak egin ahal izateko; bukatzeko, Blanco magoak Mister Balncoren misterioak ikuskizunagaz egongo du, zentzumenen bidez umorea eta emozioak azaleratzeko.

Domekarako ere egitaraua prestatu dute, hala, 11:00etatik aurrera, El Despiste taldearen musika alaiak herria girotuko du. Eguerdian, aldiz, magia ikuskizunak bueltatuko dira, 15:00etan jarduera guztiak amaitu arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun