Berangoko Nazioarteko Milia egingo dute zapatu honetan

Ander Zarraga 2021ko urr. 6a, 12:01

© BERANGO ATLETISMO TALDEA/JOSU HERNANDEZ JAMBRINA

Pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ondoren, bueltan da Berangoko Nazioarteko Milia, espainiar Estatuko miliarik onena, hain zuzen ere. Maila guztietako atletak egongo dira aurten egingo duten XXXIII. Berangoko Nazioarteko Milian.

Urriaren 9an, zapatuan, egingo dute Berangoko Nazioarteko Miliaren 33. edizioa. Iaz, COVID-19aren ondorioz, bertan behera geratu zen atletismoaren festa, baina bost urtez Espainiako Estatuko hiri-probarik onena izendatu duten Milia bueltan da. Guztira, hainbat kategoriatan banatutako 18 proba antolatu dituzte lasterketa osatzen duten 1.609,344 metroko distantzian lehiatzeko. Bertan, lehen mailako atletakaz batera, adin eta maila guztietako lasterkariak elkartuko dira, paralinpikoak barne.

Aurreko urtean, pandemiaren ondorioz, eliteko probak bakarrik lehiatzeko aukera izan bazuten ere, hautabide hori baztertu zuten; izan ere, Josu Hernandez Berango Atletismo Taldeko presidenteak aitortu zuenez, "harrobiaren parte-hartzerik gabe Milia antolatzeak ez dauka zentzurik". Bestalde, nabarmendu du ekitaldia antolatzeak aparteko motibazioa eragiten duela taldekideen artean, eta, erantsi duenez, "horregaz, oinarrizko kirola sustatzen saiatzen gara, eta gure udalerrira elitezko atletak hurbiltzea lortu ere".

Lasterketaren aurkezpenean, Anabel Landa Berangoko alkateak herritarrek frogari ematen dioten babesa goraipatu zuen, eta seigarren urtez Estatuko Miliarik onena izateko erronka dutela iragarri zuen. Hurrengo Milian honetan parte hartuko duten asko lehen mailako lasterkariak dira, eta, horietatik, batek baino gehiagok lehiatu da aurtengo Tokioko Olinpiar Jokoetan. Horietaz gain, Berango Atletismo Taldeko ehun bat eskola-atletek eta 80 federatuk parte hartuko dute, beste askoren artean.

Lehen probak urriaren 9ko 16:10etan hasiko dira, 12 urtez azpikoen lasterketakaz. Ondoren, adinaren arabera jarraituko dute lasterketek, eta azkenak paralinpikoak, elite emakumezkoak eta elite gizonezkoak izango dira, bata bestearen atzetik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun