Poltsa termikoak eta bestelakoak

Begoña Alonso: “Bezeroaren nahiaren arabera egiten ditut produktuak”

Iker Rincon Moreno 2021ko abe. 30a, 10:43

Askotariko telez egindako hamaika produktu egiten ditu Begoña Alonsok: poltsa termikoak, edozer gauza gordetzeko zorroak eta poltsak. Orain, gainera, COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondoren, jantzigintzan ere badabil hirugarrenentzat. Ondorioz, gaineratu duenez, umetxoentzako arropak ere ekoizten hasi da.

2012an ekin zion ibilbide honi; dioenez, urte horretan, lagun batek eman zion hazien poltsa termikoen berri, eta horiek egitera animatu zen. Hasiera batean, lagunen eskariz egiten zituen, musutruk; ondoren, baina, dirua eta denbora horretan inbertitzen ari zela argudiatuta, horiek saltzen hasi zen. Han eta hemengo azoketan erakusten ditu bere produktuak, baina enkargu gehienak telefono bidez jasotzen ditu: “WhatsApp bidez, nik bidaltzen dizkiot bezeroari tela motak, eta haren nahien arabera, produktua pertsonalizatuta egiten diot”.

Etxeko saloian du lantokia Alonsok; makina bigaz eta manikiez inguratuta, denetarik josteko prest dago. Produktuen prezioei dagokienez, denetarik topa dezakegu bere katalogoan: “Mototsak jasotzekoak lau euroan saltzen ditut, poltsa termikoak 10 euroan, eta poltsak bost eurotik 25 euroraino, tamaina eta materialaren arabera”.

Begoña Alonsok egindako poltsa termiko bat irabazi gura duzu? Bada, bat zozkatzen dugu; egin klik hemen eta parte hartu zozketan!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun