Txirrindulariak

Maitane eta Nahia Arana Quintanilla: "Ilusioa sortzen dit ahizpa irabazten ikusteak"

Ander Zarraga 2022ko ots. 18a, 09:00

Berangoztarrek BTT, errepideko bizikleta eta ziklo-krosa praktikatzen dute, besteak beste.

Nahia eta Maitane berangoztarrek hainbat kirol praktikatu dituzte txikitatik, baina duela urte bi bizikletan lehiatzen hasi ziren, eta gurpilen gainean etorkizun handia dutela erakutsi dute.

Ahizpa berangoztarrek kirolagaz duten zaletasuna aitarengandik datorkiela diote. "Txikitatik, gure aita lasterketetan lehiatzen ikusi dugu eta, ahal izan dugunean, beragaz entrenatzen hasi ginen", azaldu du Nahia Aranak, bietatik gazteenak, 16 urte dituenak. "Txikitatik, kirolak asko elkartu gaitu familian", gaineratu du 18 urteko Maitane Aranak. Nagusiak triatloiak, duatloiak, ziklo-krosak eta errepideko txirrindularitza egiten ditu eta, aldiz, gazteenak, ziklo-krosak eta mendiko zein errepideko lasterketak egiten ditu; biak Miribilla BTT elkarteko kideak dira.

Iaz urte biribila izan zen bientzat: alde batetik, Maitane Bizkaiko Selekzioagaz Espainiako Txapelketan egon zen, Xativan, eta, bestetik, Nahia Euskadiko txapeldun izendatu zuten birritan, errepidean eta BTTn; Bizkaiko BTTko lehena izan zen; Euskadiko Selekzioagaz erlojupeko taldekako Espainiako Txapelketa irabazi zuen Madrilen; eta, horretaz gain, Frantzian egin zen Munduko Txapelketan ere egon zen Euskadiko Selekzioagaz. "Bi urteotan horrelako palmaresa eskuratzeak beste helburu batzuk lortzera bultzatu nau", adierazi du gazteenak.

Nolako egoeran dago emakumeen ziklo-krosa?
"Aurten arazo nahiko izan ditugu, asko mespretxatzen gaituztelako, baina horren inguruko argi-ilunak ateratzen joan gara. Adibidez, mutilakaz egiten ditugun lasterketetan, mutil batek doblatzen bagintuen, kanporatuak izaten ginen. Gainera, bakarrik emakumeentzako lasterketak egin nahi ez zituztenez, mutilakaz sartzen gintuzten. Horregatik, Federazioari hainbat erreklamazio egin dizkiogu, eta gutxika gauzak hobetzen doaz, baina oraindik gauza asko aldatu behar dira"

Hasiera batean, triatloiak, igeriketa eta atletismoa egiten zituzten, Sopelako eta Berangoko taldeetan. Hala ere, pandemiak kirol horietako lehiaketak geldiarazi zituenean, txirrindularitzan hasi ziren Miribillako taldean. "Atletismoa asko gustatzen zait, baina bizikleta nahiago nuen, gainera, ikasketak eta hainbat kirol egitea uztartzeko zaila da. Beraz, txirrindularitza aukeratu nuen", dio Nahiak. Bere ahizpak erantsi du kirol biak oso gogorrak direla, baina nahiago dutela txirringa, atletismoko pista "oso monotonoa" egiten zaielako. Gaineratu dutenez, bizikleta hartzeak deskonektatzeko balio die azterketa garaian, baina aste-akabuetan parrandan ateratzea eta hurrengo egunean kirol-probak egitea ez dira bateragarriak: "Hala ere, antolaketa kontu bat da, bateragarriak dira lagunakaz irtetea eta entrenatzea edo lasterketetan parte hartzea; lehentasunak argi edukitzea da kontua", dio gazteenak.

Azaldu dute ez dagoela bien arteko lehiarik, "elkarri laguntzen diogu, eta batak besteari animoak ematen dizkiogu", azaldu du ahizpa nagusiak, eta erantsi du bere ahizpak irabazteak poz handia ematen diola: "Ilusioa sortzen dit ahizpa irabazten ikusteak".

Biak bat datoz ziklo-kros lasterketak direla gogokoen dituzten probak: "Lasterketetan denok gaude elkarregaz, oso giro ona egoten da, eta ez dago lehiakortasuna; ezberdina da. Denboraldia amaitzen denean, denok elkar ezagutzen dugu", dio Maitanek. "Ematen du zelai batean bueltak ematea bakarrik dela, baina askoz gehiago da, eta kategoria guztiek parte hartzen dute ibilbide berdinean", gaineratu du gazteenak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun