Uribe Kostako nekazaritza biziberritzeko asmoz, inguruko hainbat herritarrek Otxantegi Herri Lurra izeneko proiektuari hasiera eman diote Berangon, Otxandategi dorretxearen lurretan. Hodei Rodriguez egitasmoaren bultzatzaileetako batek azaldu duenez, darabilten lursaila nekazaritzarako erabili izan da urte luzez, "lau belaunaldiz dorretxean errenta zaharrean bizi ziren pertsonak iaz bota zituzten arte gutxienez". Ordutik, lurrok landu barik egon dira, eta gauzak horrela utzi beharrean, horiek berreskuratu eta nekazaritzarako mantentzea erabaki dute ekintzaileek, baratze komunal bat martxan jarriz.
Ortua lantzeaz gainera, proiektu horren helburua baserriaren eta hiriaren arteko zubi lana egitea ere bada. Izan ere, aktibistek deitoratu dutenez, azkenengo urteetan eskualdeak bizi izan duen urbanizazio-prozesuek "ia ezinezko" egin du nekazaritzan aritzea: "Oso zaila da gaur egun lurra lantzeko lursail bat aurkitzea nekazaritzan hasteko".
Proiektu irekia
Egitasmoaren helburua da proiektua Berangoko jendeari eta ingurukoei hurreratzea, eta epe luzerako mantentzea. Horretarako, joan den zapatuan, apirilaren 2an, aurkezpen publiko jendetsua egin zuten. Horretan, patatak erein zituzten auzolanean, eta urteotan eskualdean bizi izan den hirigintza-prozesuaren nondik norakoak aztertzeko mahai-ingurua egin zuten hainbat adituren parte hartzeagaz. Ondoren, indaba-jana egin, poesia musikatutako ekitaldi batez gozatu eta kontzertuak izan zituzten. "Gure helburua zen eskaintza kultural zabala egitea jendea gerturatzeko".
Aurkezpena egin ondoren, proiektuari jarraikortasuna emateko bilera irekia egingo dute bihar, eguaztenean, arrastiko 18:00etan, okupatutako lursail horretan bertan. "Asanblada irekia izango da, gure helburua da edonork parte hartzea", azpimarratu du Rodriguezek.