Berangoztarrek bere elkartasuna adierazi zieten Ukrainako gerra pairatzen ari diren umeei, Udalak eta Unicef erakundeak apirilaren 3an antolatu zuten familientzako martxa solidarioan. Guztira, 197 familik parte hartu zuten horretan eta, Udalak jarritako 3.000 eurori esker, umeentzako botikak erosteko 6.541 euro batzea lortu zuten.
Isidro Elezgarai, Unicef Euskadiko Batzordeko presidenteak Anabel Landa alkatearen eskuetatik jaso zuen horretarako txekea. Gainera, Getxon bizi den Veronika Pershyna gazte ukrainarrak gerrak sortutako egoera lazgarria deskribatu eta jazotzen ari diren gehiegikeriak salatu zituen: "Han ez dugu non bizi, ezin gara itzuli etxeak suntsituta daudelako".